Politika -

Apirilaren 7an estraditatuta

Xabier Atristain aske utzi du Auzitegi Nazionalak

Atristainek bere burua entregatu zuen Biarritzeko aireportuan, martxoaren 6an. Bestalde,Oihana Mugica Oiartzungo bizilaguna aske utzi dute 9.000 euroko bermepean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xabier Atristain Golfo aske utzi du gaur Auzitegi Nazionalak. Atristain apirilaren 7an estraditatu zuen Frantziak eta ETAko talde ''legal'' bateko kide izatea egotzi zioten. Taldeak ustez lehergailuak zituen.

40 urteko Xabier Atristain Gorosabel Golfo-k bere burua entregatu zuen Biarritzeko aireportuko komisaldegian, martxoaren 6an. Ibai Beobide ETAko kide ''liberatua'' Gipuzkoan atxilotu eta gero Atristainek ihes egin zuen. Beobidek ETAko taldeak zuzentzen zituen Gipuzkoan.

''Imanol'' talde ''legal''eko kide izatea leporatu zion Fernando Grade-Marlaska epaileak Atristaini otsailaren 20an. Magistratuaren arabera, taldeak lehergaiak zituen, amonala eta kloratita gehienbat, eta baita detonagailuak ere, baina material hori ez dute oraindik aurkitu.

Poliziaren aurrean aurkeztu ostean Espainiako justiziaren eskuetan uztea erabaki zuten Frantziako epaitegiek apirilaren 7an, eta ordutik espetxean zegoen. Haren abokatuak helegitea aurkeztu zuen eta kartzelatik atera da orain, Gara egunkari digitalak jakitera eman duenez.

Bestalde, Oihana Mugica Oiartzungo (Gipuzkoa) bizilaguna aske utzi du Auzitegi Nazionalak 9.000 euroko fidantzapean. 2008ko uztailaren 2tik espetxean zegoen, kale-indarkeria ekintzetan parte hartzea egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea