Politika -
Konstituzio Batzordea
Gaztela-Mantxako Estatutua Diputatuen Kongresuan 'hil' da
PPk azken orduan aurkeztutako transakzio-zuzenketa atzera bota dute sozialistek, 4.000 hektometro kubikoko ur erreserba "kalkulu" batean uzten zuelako.
Erredakzioa
Diputatuen Kongresuko Konstituzio Batzordetik pasa ostean ia ''hilda'' geratu da Gaztela-Mantxako Estatutuaren erreforma, PP eta PSOE erkidegoko ur erreserbaren inguruan akordio bat lortzeko kapaz izan ez direlako.
Horrela, PPk azken orduan aurkeztutako transakzio-zuzenketa bat atzera bota dute sozialistek, 4.000 hektometro kubikoko ur erreserba "kalkulu" batean uzten zuelako.
Nahiz eta Konstituzio Batzordeak Gaztela-Mantxako Estatutuaren erreforma txostena onartu, bi alderdi handien arteko adostasunik ez izateak erreforma atzera botako du. PSOEk txostenaren alde bozkatu du eta PPk kontra. PP eta PSOE erkidego horretan ordezkaritza duten alderdi bakarrak dira. Erreformak aurrera egiteko gehiengo absolutua behar du osoko bilkuran eta alderdi txikiek ez dute babestuko, aurretik sozialisten eta PPren akordiorik ez badago.
PPk arratsaldean aurkeztutako zuzenketak 4.000 hektometro kubikoko bermea mantentzen du, baina erkidegoaren nahi gisa, izan ere, ''ur erreserba'' adierazpena ezabatzen du. Kalkulua planifikazio hidrologikoan zehaztuko dutela ezartzen du PPren zuzenketak, legeari jarraituz.