Politika -

Estatutuaren urteurrena

Urriaren 25a 'Euskadi Eguna' izendatu du Legebiltzarrak

Egitasmoak PSE, PP eta UPyDren babesa izan du. Gainerako alderdiek kontra bozkatu dute. Horrenbestez, urriaren 25, Estatutuaren urteurrena, jai-eguna izango da EAEn, martxoaren 19a ordezkatuz.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak erabaki du urriaren 25a, Gernikako Estatutua onartu zeneko eguna, ''Euskadi Eguna'' izendatzea. PSEk, PPk eta UPyDk bozkatu dute ekimenaren alde; EAJ, Aralar, Eusko Alkartasuna eta EB aurka agertu dira.

Gauzak horrela, urriaren 25a jai-egun ofiziala izango da EAEn eta ''Euskadi Eguna'' izena hartuko du. Horren ordez, 2011tik aurrera martxoaren 19a (Aitaren Eguna) ez da jai eguna izango.

Egitasmo honen bitartez, aipatu hiru alderdiek Gernikako Estatutuaren onarpena ospatu nahi dute. Estatutuari buruzko erreferenduma 1979ko urriaren 25ean egin zen. Boto-emaileen % 60 inguruk hartu zuten parte eta % 90ak baino gehiagok alde bozkatu zuten.

EAJk, PSEk, UCDk, Euzkadiko Ezkerrak eta Alderdi Komunistak baiezko botoa eskatu zuten; Aliantza Popularrak ezezkoa babestu zuen; eta Herri Batasunak, abstentzioa.

Gaur onartutako adierazpenaren arabera, Jaurlaritzarena izango da jai-egun hori ospatzeko ekimen instituzionalak antolatzeko ardura.

Beraz, 2011atik aurrera urriaren 25a jaieguna izango da EAEn; dena den, aurten ospakizun ekitaldiak egongo dira.

Erreakzioak

Joseba Egibar EAJko bozeramailearen hitzetan, Leopoldo Barredak jaiegun hau beste batzuk mugatzen ez dituela esan arren, ekimenaren helburu politikoa Estatutuaren garapen gehiago ez egotea da. Urriaren 25a "debekuaren eguna" izango da; izan ere, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak auzitegiek debekatutako kontsulta egin behar zuen eguna da hori.

Jesus Egiguren PSEko bozeramailearen iritziz, "euskaldun guztion batasunaren" sinboloa da gaurko akordioa; hala ere, "poztasuna erabatekoa" ez dela adierazi du, izan ere, Eusko Legebiltzarrak ez du adostasun osoa erakutsi.

Lepoldo Barreda PPko parlamentariaren aburuz, data historikoa da hau; euskaldunok elkartasunez sortutakoa goresten duena. Ildo horretan, "ez dio erkidegoko beste jaiegun bati kontra egingo", esan du.

Bestalde, Eusko Alkartasuna eta Aralar alderdiek ezezko botoa eman dute. Mikel Basabe Aralarreko ordezkariaren hitzetan, Eusko Legebiltzarra banatuta dago berriro ere. Lege honek normaltzat azaldu nahi du "normala ez dena"; "gutxiengo batek gehiengoaren jaieguna zein izan behar den erabaki baitu.

PSE, PP eta UpyD alderdiek bozketa irabazi arren, "adostasuna lortzeko aukera galdu dute", Mikel Arana Ezker Batua alderdiko bozeramaileak esan duenez.

Azkenik, Gorka Maneiro UPyDko parlamentariaren ustez, zenbait alderdik Estatutua aldatu nahi izan arren, "euskaldunak batera bizitzea uzten gaituen esparrua izaten jarraitzen du".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea