Politika -
Auzitegi Nazionala
Asier Gonzalez erruztatuen aulkian, ETAri laguntzea egotzita
Benjamin Atutxa PSE-EEko zinegotzia bahitzeko saiakeran, 2008an, ETArekin kolaboratzea leporatzen diote. Fiskalak hiru urteko espetxe-zigorra eskatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak Asier Gonzalez Soreasu epaituko du gaur, Benjamin Atutxa PSE-EEko zinegotzia bahitzeko saiakeran, 2008an, ustez ETAri laguntzeagatik. Fiskalak hiru urteko espetxe-zigorra eskatu du.
Segirekin duen loturagatik ezaguna da Gonzalez Soreasu. 2014ko martxoan, Bilbon, atxilotu zuten, bere izena ‘pendrive’ batean aurkitu ondoren. Dispositiboa Bizkaia taldeak Ezcarayn (Errioxa) alokatu zuen etxebizitza batean topatu zuten.
Nahiz eta taldeko kideak 2008an atxilotu, ‘pendrive’a lau urte geroago agertu zen. Iturgin batek galdara bat desmuntatu eta dispositiboa topatu zuen. Etxera eraman eta zabaldu zuenean ETAren agiriak aurkitu zituen barruan. Poliziari eman zion, fiskalak akusazio-idatzian azaldu duenez.
Gordeleku bat Pazuengosen eta baserri bat Bizkaian
2007 eta 2008 artean Atutxa bahitzeko asmoa zuen ETAko taldeak. Horretarako, xiringak eta lasaigarriak zituen Pazuengoseko (Errioxa) gordeleku batean. Bertan 125 kilo lehergai, munizio ugari, detonagailuak eta tenporizadoreak atzeman zituzten.
2007ko urria eta 2008ko apirila artean Atutxa zelatatu zuen ETAko taldeak. Bi eguneko bahiketa izatea aurreikusi zuten. Bizkaiko baserri baten atxiki eta hiltzea zen helburua.
Fiskalaren ahotan, Asier Gonzalezek baserriko giltzak zituen. Atxiloketaren egunean bertan baserria miatu eta 70 zentimetroko zabalera eta 2,8 metroko altuera zuen gordeleku bat topatu zuten poliziek. Zuloak leiho txiki bat zuen, egurrarekin estalita.
Hiru urteko kartzela-zigorra eta Atutxarengana ez hurbiltzeko sei urteko debekua ezartzea eskatu du fiskalak. Epaiketa San Fernando de Henareseko (Madril) egoitzan egingo dute.
Bahiketa saiakera horrengatik Bizkaia taldeko bi kide zigortu dituzte dagoeneko: Olga Comes Arambillet (9 urteko espetxe-zigorra) eta Arkaitz Goikoetxea (8 urte).