Politika -
Ondarroako polizia operazioa
Ares: "Ulertezina da EAJk ez babestea kereila"
Herrizaingo sailburuak kereila aurkeztu du tortura salaketak egin zituen abokatu baten aurka.
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak adierazi du "ulertezina" dela EAJk ez babestea Ertzaintzari torturak egitea egotzi zion abokatuaren aurkako kereila.
Otsailaren 8an, ETArekin zerikusia izatea Ondarroan (Bizkaia) eta Gipuzkoan atxilotutako bederatzi pertsonaren abokatuak salatu egin zuen prentsaurrekoan haietako hiruk torturak pairatu zituztela "Aresen aginduetara dagoen" Ertzaintzaren partetik.
Atzo, Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurak abokatuaren aurka kereila jartzeko eskatu zion Herrizaingo sailburuari. PSE-EEk, PPk eta UPyDk proposamenaren alde bozkatu zuten, eta gainerako taldeek kontra.
Aresek gaur bertan aurkeztu du kereila Bilboko Justizia Jauregian. Bere esanetan, "Ertzaintzaren profesionaltasuna defendatzea" du helburu: "Gure Poliziak legea errespetatuz eta protokolo zorrotzak betez egiten du bere lana, batik bat terrorismoaren aurkako borrokan eta atxiloketak egiten dituenean".
Sailburuaren esanetan, abokatuak "gezurra" esan zuen tortura salaketa egin zuenean.
"Arbuiagarria eta onartezina da halako adierazpenak egitea; guk ezin ditugu onartu, eta horregatik aurkeztu dugu kereila", gaineratu du.