Politika -
Hauteskunde autonomikoak
Urkulluk burujabetza aldarrikatu du autogobernuaren 'erasoen' aurka
EAJren Batzorde Orokorrak udazkenean izango diren hauteskunde autonomikoetan lehendakarigai gisa errepikatzeko hautatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak, berrautaketarako hautagai izendatu ostean, itun bat proposatu du larunbat honetan, euskal herritarrek bere etorkizun politikoaren gainean hartzen dituzten erabakiekiko "errespetua" bermatuko duena. Urkulluk, bestalde, "euskal nazioaren" aintzatespena lortzeko bidean legezko bideak erabiltzearen aldeko konpromisoa azaldu du, eta autogobernua areagotzeko eta babesteko beharrizana defendatu du Madrilgo Gobernutik datozen "erasoen" aurrean.
Gasteizeko Europa Jauregian gaur izandako hitzorduan, EAJren Batzorde Orokorrak aho batez hautatu du Urkullu berriz lehendakarigai izan dadila udazkenean izango diren hauteskunde autonomikoetan. Bere mintzaldian zehar Urkulluk Euskadiko erakundeetan existitzen den "eredu propioa" eta kudeaketarako "seriotasuna" aldarrikatu du, Espainiako politikan dagoen "ikuskizun politikoaren" aurrean.
Lehendakariak bere gain hartu du udazkeneko hauteskunde autonomikoen erronka, Euskadiko "kohesioa" eta "bizi-kalitatea" sendotzeko xedearekin, eta baita Euskadik "bere ondarea, erakundeak izaera eta kultura" mantenduta "Munduan bere lekua aurkitzea" lortzeko asmoarekin ere.
Urkulluk euskal ekonomiaren "susperraldia" nabarmendu du. Gainera, azaldu duenez, krisiak bultzatuta erabaki gogorrak hartu behar izan zirela gogoratu du, baina Euskadik "norabidea eta sendotasuna berreskuratzea" lortu duela aupatu du.
"Ongizate gehiago"
Adierazi duenez, autogobernua ezinbestekoa da, "kudeatzeko eredu propiotik" abiatuta Euskadik norabide horretan aurrera egiten jarrai dezan. "Autogobernu gehiago ongizate gehiago, etorkizun gehiago, Euskadi gehiago da", azaldu du.
Helburu horrekin, "euskal herritarren erabakiaren emaitza" izango den "itun politiko berri" baten beharrizana defendatu du, eta, itun horretara iristeko, "arau eta prozedura legal eta demokratikoak" erabiltzearen alde egin du. Lehendakariak zehaztu duenez, prozedura horiek ez dute zertan izan behar erabakitzeko eskubidearen "murrizpen" bat, baizik eta berorren "bermea".
Planteatutako akordioa bi subjektu politikoen partetik errespetatu beharko litzatekeela azaldu (Euskadiri eta Estatu espainiarrari erreferentzia eginez).
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zerrendak ere onartuta
EAJren Batzorde Orokorrak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zerrendak ere onartu ditu, horien buru egongo dira Iñigo Urkullu bera, Josu Erkoreka eta Joseba Egibar, hurrenez hurren. EAJk, gainera, Bakartxo Tejeria proposatuko du Eusko Legebiltzarra zuzentzeko.