Politika -

Abian prozesua

'Euskal errepublika askea', ezker abertzale berrituaren xedea

Ziurtatu dutenez, barne-eztabaidako Abian prozesuaren ostean, estrategia independentista berri bat martxan jartzea erabaki dute, Estatu propioa eraikitzea ahalbidetuko duena.

Marije Fullaondo eta Igor Arroyo, ezker abertzaleko ordezkariak Durangon egindako agerraldian. EITB
Marije Fullaondo eta Igor Arroyo, ezker abertzaleko ordezkariak Durangon egindako agerraldian. EITB
Erresistentziarako garaia amaitu dela esan du Sortuk

1:05

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezker abertzaleko Marije Fullaondo eta Igor Arroyo ordezkariek gaur jakinarazi dutenez, beren militanteek eginahal guztiak egingo dituzte "euskal errepublika aske bat lortzeko" bidean.

Horrela eman dute gaur ezagutzera Abian eztabaida-prozesuko ondorioen aurkezpen ekitaldian. Bertan izan dira, besteak beste, Sortuko hainbat buru (Arnaldo Otegi, Pernando Barrena eta Rufi Etxebarria) eta LAB Ainhoa Etxaide sindikatuko idazkari nagusia.

Behin barne-eztabaidako Abian prozesua amaituta Igor Arroyo LABeko ordezkariak eta Marije Fullaondo Sortuko kideak plazaratu dutenez, "gaur esker abertzale bat ateratzen da", ahalegin oro egingo dituena "euskal errepublika aske bat lortzeko" xedearen bidean.

Ekitaldian zehar adierazitakoaren arabera, Euskadiren independentzia dagoen "aukera bakarra da", eta Fullaondok eta Arroyok euskal gazteriari deialdia egin diote "etorkizuneko bere proiektuarekin" bat egin dezaten; horrez gain, eredu ekonomiko eta sozial berri baten alde lan egiten duten herri-mugimenduei ere eskua luzatzen dietela azaldu dute.

"Prozesu soberanista bat martxan jartzeko gertu dauden eta gizartearen beharrizanak interesgune nagusitzat duten pertsona eta eragile ororekin" batera "elkarren ondoan" lan egiteko prest agertu dira.

Aipatu eztabaida-prozesuaren ondoren, Estatu propioa eraikitzea ahalbidetuko duen "estrategia independentista berri bat" abian jartzea erabaki dela ziurtatu dute bozeramaile biek.

Estrategia berri horren barruan, Espainiako eta Frantziako gobernuen "itxikeriari" aurre egitearen beharrizana defendatu dute, euskal presoak aske gera daitezen.

Euren iritziz, Estatuek ez dute Euskal Herria demokratizatzeko inolako asmorik, ezta erabakitzeko bere eskubidea aitortzeko ere, horrenbestez beharrezkoa deritzote independentzia.

Jakitera eman dutenez, ezker abertzaleak "bere praktika politikoa berritzea" erabaki du, betiere honako hauek oinarri izanik: komunean egindako lana, elkartasuna, feminismoa eta euskarekiko konpromisoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Durango Gaurko azken ordukoa