Politika -
Hauteskunde orokorrak
Sanchez: 'Hautetsontzietan ordainduko dute aldaketa blokeatu izana'
Ekainaren 26an izango diren hauteskundeetarako hautagai izendatuko duten egun berean egin ditu Sanchezek adierazpen horiek, primarioetara aurkeztu den bakarra izan baita.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchez PSOE alderdiko idazkari nagusiak gaur esan du aurreko hauteskundeak egin ostean berak herritarren mezua ulertu zuela eta "aurrerapauso bat" eman zuela, baina batzuek "aldaketaren erlojua blokeatu" zutela Espainian eta "hautetsontzietan ordainduko" dutela.
Ekainaren 26an izango diren hauteskundeetarako hautagai izendatuko duten egun berean egin ditu Sanchezek adierazpen horiek, primarioetara aurkeztu den bakarra izan baita.
"Gobernuko presidente izateko gehien maite dudan alderdiko hautagai gisa aurkezteko ohore handia daukat", adierazi du bere mintzaldian zehar. Mintzaldi horretan Mariano Rajoy eta Pablo Iglesias (PP eta Podemos alderdietako hautagaiak, hurrenez hurren) ere izan ditu mintzagai, eta "obsesio bera duten izatezko bikote bat" direla salatu du, "eta obsesio hori PSOE da".
Sozialisten agintariak militanteei eta gizarteari mobilizatzeko deia egin die, eta hauxe gaineratu du: "hilabete hauetan ezer argi geratu bada hauxe da: hau Pedro edo Rajoyren arteko kontua dela, hots, aldaketaren edota immobilismoaren artekoa".