Politika -
EBAZPENA
Berriz 1,8 milioi ordaintzera zigortuta, hirigintza auzi batengatik
2003an Susa S.A. sozietateak (Berrizko Udalaren sozietatea) egindako esleipen bat irregularra izan zela ebatzi du epaileak, eta Udala operazio horren arduradun subsidiarioa dela erabaki du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
1,8 milioi euroko zigorra ezarri dio Berrizko Udalari Administrazioarekiko Auzien Bilboko Epaitegiak, Susa S.A. hirigintza-sozietateak egindako esleipen batengatik, EH Bilduk agiri baten bidez jakitera eman duenez.
Aipatutako sozietateak 2003an egindako operazio baten inguruko epaia da kaleratu berri dena. Horren arabera, Susa S.A. sozietateak Abaroa S.A. eraikuntza enpresari esleitu zion obra bat, 3,2 milioi euroren truke. Ebazpenean jasotzen denez, lan horiek Jauregizar S.A. enpresari esleitu behar zizkioten udal-lehiaketan.
Jauregizar S.A.k, prozesua irregulartasunez beteta zegoela argudiatuta, helegitea jarri zuen Berrizko Udalaren kontra.
Ebazpenak Udala jotzen du gertatutakoaren erantzule subsidiariotzat, eta ez operazio urbanistikoa bideratu zuten arduradun politikoak. EH Bilduk tamalgarritzat jo du Susa S.A. sozietateko arduradun ohiak ez zigortzea.
"EAJren kudeaketa arduragabearen ondorioz", Berrizko herritarrek "euren poltsikoetatik" ordainduko beharko dute zigorra, EH Bilduren iritzian. Udal aurrekontuaren ia herena da Udalak zigor gisa ordaindu beharko duena, koalizioak nabarmendu duenez.