Politika -
Elkarrizketa ETBn
Pastor: "Batasunak ez du esan denok itxaroten ari garena"
PSE-EEko bozeramaileak kritikatu egin du ezker abertzaleak "maila berean" jarri izana ETA eta Espainiako Gobernua, "biak errudun balira, pertsonak hiltzen dituen bakarra ETA bada ere".
Erredakzioa
Jose Antonio Pastor PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak adierazi du asteburu honetan ezker abertzaleak egindako adierazpena "urrats bat" izan litekeela, baina gaineratu du ez dela "alderdi politiko guztiok itxaroten ari garena".
Larunbatean, ezker abertzaleko ordezkariek Bruselako Adierazpenaren eskakizunetan "arreta" jartzeko eskatu zieten "ETAri eta Espainiako Gobernuari". Hain zuzen ere, adierazpenak su-etena exijitu zion ETAri, eta erantzun egokia ematea Exekutiboari.
Hori horrela, gaur ETB-2ko "Egun On Euskadi" saioan egindako elkarrizketa batean, Pastorrek nabarmendu du "lehen aldiz" ezker abertzaleak aitortu duela ETAren ekintzak "oztopo" direla bere proiektu politikoarentzat, baina kritikatu egin du ondorioa ez izatea ekintza horietan "pertsonak hiltzen dituztela".
"Ez dute oraindik behin betiko ondorioa egin: ETA desagertu egin behar dela eta haiek ETAren indarkeria gaitzetsi behar dutela", esan du.
Halaber, bozeramaile sozialistak salatu du ezker abertzaleak "maila berean" jarri izana ETA eta Espainiako Gobernua, "biak errudun izango balira, pertsonak hiltzen dituen bakarra ETA bada ere".
Batasuna ez da hauteskundeetan egongo
Bestalde, 2011ko udal eta foru hauteskundeei dagokienez, Pastorrek esan du ezker abertzaleak haren eskuan duela parte hartzea: "Euskal gizarteak, herritarrek eta Zuzenbide Estatuak exijitzen dietena egiten badute, hots, ETA behin betiko gaitzestea eta desagertzea eskatzea, seguru asko aukera berriak sortuko lirateke".
"Baina nire ustez ez dira nahiko helduak hori ondorioztatzeko, eta zoritzarrez, uste dut ez dituztela benetako aukerak udal hauteskundeetan egoteko", erantsi du.