Politika -
ZIRRIBORROA
'Katalunia: Estatu librea, soziala, ekologikoa eta eskubideduna'
Kataluniako Konstituzio zirriborroa eman dio gaur Constituïm erakundeak Carme Forcadell Parlamentuko presidenteari. Hainbat alorretako adituek landu eta idatzi dute testua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kataluniako Konstituzio zirriborroa landu eta idatzi du Constituïm erakundeak, eta gaur helarazi dio testua Carme Forcadell Parlamentu kataluniarreko presidenteari. Ganbera bakarreko Errepublika aurreikusten du testuak, eta hor Generalitateko presidentea izango litzateke estatuburua eta gobernuburua. Presidentea bost urtean behin aukeratzea ere jasotzen du, hauteskunde-barruti bakarrean.
Hizkuntzei dagokienez, katalana hizkuntza ofiziala eta nazionala litzateke, kataluniar guztiek jakin beharrekoa. Aranera ere, ofiziala litzateke Aran bailaran eta Katalunia osoan. Gaztelaniak, bestalde, "estatus juridiko berezia" izango luke, eta hizkuntza hori ere "babestu" beharko litzateke.
Hainbat alorretako adituek osatzen dute Constituïm erakundea. ANC-k, Santiago Vidal epaileak edota consitució.cat taldeko kideek mahai gainean jarritako proposamenak garatu, aletu eta 148 artikulu dituen zirriborro batean jaso ditu Constituïmek. Herritarren milaka ekarpen ere jaso dituzte azken hilabeteotan, Internet bidez.
Proposamenaren arabera, Katalunia Estatu librea, burujabea, demokratikoa, soziala, ekologikoa eta eskubideduna izango da: Kataluniarekiko lotura kulturala edota linguistikoa duten beste estatuetako herritarrek nazionalitate kataluniarra izateko aukera ere izango lukete, bereari uko egin gabe.
Hauteskundeak, ekonomia eta segurtasuna
Bost urtero aukeratuko lukete presidentea, eta Parlamentua litzateke ordezkaritza ganbara bakarra; diputatuak bost urtetik behin hautatuko lituzkete, zerrenda irekien bidez eta itzuli bakarrean.
Konstituzio zirriborroak ez du Armadarik aurreikusten Kataluniako Errepublikan. Horren ordez, Segurtasun Agentzia Nazionala eta gatazkak konpontzeko eta bakerako nazioarteko institutu bat sortzea proposatzen da. Alor ekonomikoan, berriz, merkatu librean oinarritutako sistema ekonomikoa marraztea izango litzateke helburua. Erakunde publikoen erabakien erdigunean egonkortasun ekonomikoa legoke. Kataluniako Banku Zentra sortzea jasotzen du testuak.