Politika -
Alternatiba abertzalea
Ezker abertzalearen ondorioak positiboak direla esan du Aralarrek
"Apustua amaierara arte eramateko itxaropena dugu, guztiek indarkeriaren amaiera ahalik eta azkarren ikusi ahal izateko", adierazi du Zabaletak.
Erredakzioa
Ezker abertzalearen "beste sentsibilitateak" larunbatean aurkeztutako agiria "pauso garrantzitsutzat" jo du Aralarrek, eta ETAri "su-eten iraunkorra" eskatzea adierazpen "garrantzitsua" dela goraipatu du.
Alderdi horretako buruzagiek prentsaurrekoa eman dute gaur. Ezker abertzalearen adierazpenari buruz iritzia emateaz gain, etorkizuneko ezkerraren eta alternatiba abertzalearen oinarriak zeintzuk izango diren azaldu ditu Aralarrek.
Duela bi egun ezker abertzaleak Iruñean egindako adierazpena positiboa dela esan du Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak, ''Zutik Euskal Herria'' dokumentuaren "oinarrizko printzipioa" berretsi duelako, bide politiko eta demokratikoen aldeko apustua, alegia.
"Apustua amaierara arte eramateko itxaropena dugu, guztiek indarkeriaren amaiera ahalik eta azkarren ikusi ahal izateko. Aralarren orain hamar urte pausoak eman genituen eta egin nahi dutenei babesa emango diegu, Euskal Herriaren aldeko borroka politikoan sartzea beharrezkoa eta positiboa delako", azpimarratu du.