Politika -
Batasunaren apustuaren harira
Lokarri: "Ezker abertzaleak pausu eraginkorra eman du"
Gainera, Lokarrik 50 pertsona ezagunen atxikimenduak lortu ditu Bruselako Adierazpenaren alde.
Erredakzioa
Lokarriren aburuz, ezker abertzaleak joan den larunbatean egindako adierazpenarekin "indarkeriari modu zuzenean eta eraginkorrean itxi dizkio ateak". Gainera, urrats garrantzitsuak eman ez dituela esatea "arduragabekeriaz" jokatzea dela ohartarazi du.
Paul Rios Lokarriren koordinatzaile nagusiak agerraldia egin du Donostian eta berarekin batera izan dira Bruselako Adierazpenari atxikimendua eman dioten lagunetako batzuk, hala nola, Mariano Ferrer, Rosa Rodero eta Txaro Orteaga.
Riosen arabera, ezker abertzaleak egindako azken adierazpena "urrats garrantzitsua da konponbidea indarkeriarik gabe eta elkarrizketaren, akordioaren eta herritarren borondatea errespetatuta lortzeko bidean".
Riosek nabarmendu duenez, "ematen diren aurrerapenak arbuiatuta pausu berriak egotea ekiditen da eta bake-prozesu berri bat izateko aukera kentzen zaio euskal gizarteari".
50 atxikimedu
Duela bi aste Lokarrik kanpaina bat jarri zuen abian Bruselako Adierazpena ezagutarazteko eta haren aldeko atxikimenduak lortzeko. Dagoeneko kultura, kirola, unibertsitate eta gizarte-eragileen munduko 50 lagunek sinatu dute.
Bruselako Adierazpenak, besteak beste, su-eten iraunkorra aldarrikatzea eskatzen dio ETAri eta urrats horren aurrean "behar bezalako" erantzuna emateko galdegiten dio Espainiako Gobernuari.