Politika -

Ekitaldia

ETAk 1980an hil zuen Ceferino Peña omendu du Zestoak

Gipuzkoako udalerri honetako Udalak eta herritarrek parte hartu dute ekitaldian; hilketa duela 36 urte egin zuten, eta ETAk onartu zuen "errorea" izan zela.

Omenaldiaren une bat. Argazkia: EiTB.
Omenaldiaren une bat. Argazkia: EiTB.
Lehen omenaldi publikoa egin diote Ceferino Peña zestoarrari

0:38

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arroa Behea eta Narrondo Zestoako auzoko hainbat herritarrek eta aipatu herriko Udalak omenaldia egin diote igande honetan Ceferino Peña karrozariari; izan ere, 1980ko maiatzaren 16an ETAk hil zuen. Gerora, erakunde armatuak onartu zuen akatsa egin zuela. Zestoako alkate Josetxo Mendizabalek (EAJ) esan duenez, gaurko ekitaldiarekin Peña eta haren familiarekin zuen zorra kitatu du udalerriak.

Peñaren omenezko ekitaldia meza baten ostean egin dute, Arroa Behean, "Memoriaren Txokoan". Bertan, monolito bat estalgabetu dute; horren ondoan, hain zuzen, beste monolito batzuk ere bazeuden: Joxe Mari Kortaren omenezkoa (Adegiko presidente ohia zen, ETAk hil zuen eta Ceferino Peñaren lagun mina ere bai), Marcelo Usabiaga militante komunista historikoarena, eta nahitaezko lanak egin behar izan zituzten Zestoako auzoko honetako herritarren omenezkoa.

Dozenaka lagun, ekitaldian

Ekitaldian dozenaka lagun izan dira: besteak beste, Peñaren familiakoak, alarguna eta Cristina alaba buru izanik, Maixabel Lasa Terrorismoaren Biktimen Bulegoko zuzendari ohia, Maribel Vaquero jeltzalea, Joxe Mari Kortaren familiakoak, Mikel Arregi eta Iñaki Uranga EH Bilduko zinegotziak, eta Miguel Usabiaga, Marcelo Usabiaga errepublikazale eta milizianoa zenaren semea.

Zestoako alkateak, oso hunkituta bera, adierazi du espero duela belaunaldi gazteenek ez ahaztea "nora eramaten gaituen indarkeriaren zentzugabekeriak"; halaber, esan ere esan du Korta eta Peña “herritar arruntak zirela; saiatu ziren lan egiten, gure bizitza hobetzeko”.

Nabarmendu du Zestoak Peñarekin zuen zorra kitatzen duela, eta erantsi du, halaber, hitzek "bakea eraiki eta zubiak sortzeko" balio dutela, baina "bi aurpegi" dutela: "Garai hauetan, zubi horiek hain ahulak dira non apurtzeko ere balio lezakete. Ez gaitezen horretan jausi", eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Albisteak Gipuzkoa EAE ETA Gaurko titularrak Eguneko albisteak Terrorismoaren Biktimen Azken Ordukoa