Politika -
AUZITEGI NAZIONALA
Ekin erakundeko beste bederatzi lagun epaituko dituzte gaurtik hasita
ETAko kide izatea leporatzen die fiskalak. Epaiketan akordioa erdiestea 'arrazoizko' irtenbidea litzatekeela uste dute auzipetuek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Nazionalean gaur hasiko da Ekin erakundeko bederatzi kide ohiren kontrako epaiketa, ETAko kide izatea egotzita, 8/2013 sumariopean. Ugaitz Elizaran, Rosa Iriarte, Aniaiz Ariznabarreta, Eneko Compains, Jose Aldasoro, Egoitz Garmendia, Urko Asier Aierbe, Erika Bilbao eta Sandra Barrenetxea eseriko dira gaur auzipetuen aulkian. Fiskaltzaren arabera, Ekineko zuzendaritzako kideak ziren auzipetutakoak, eta talde armatuaren aginduetara zeuden.
Bederatzina urteko espetxe-zigorra eskatzen du fiskalak auzipetuetzako zortzirentzat. Elizaranentzat, berriz, 12 urteko kartzela-zigorra eskatu du, talde armatuan berriro sartzea astungarri gisa gehituta. ETAren aparatu politikoko kide izatea egozten die guztiei fiskalak.
Akusazio-idatzian fiskalak jasotzen duenez, "KAS erakundea ordezkatzeko sortu zen Ekin", ETAren aginduetara, ezker abertzalearen zuzendaritza gisa aritzeko.
Epaiketan akordioa erdiestea "arrazoizko" irtenbidea litzakeela esan zuten joan den astean auzipetuek, prentsaren aurrean egindako agerraldian.
Apirilaren 14an Ekineko beste bost kide epaitu zituzten, eta horiek akordioa erdietsi zuten fiskalarekin; zigor-eskariak zortzi urtetik bira murriztea adostu zuten. Akusatuek "indarkeriari uko" egin zioten, eta "eragindako sufrimenduagatik terrorismoaren biktimei kalte-ordaina emateko borondatea" agertu zuten.