Politika -
San Antonio auzia
Maroto: 'San Antonio auziko salaketan ez da ustelkeria aipatzen'
Epaiaren kontrako helegitea jarriko dutela iragarri du, eta behin betiko erabakia ekainaren 26a baino lehen aterako den esperantza agertu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Javier Maroto PPko Ekintza Sektorialeko idazkariordeak adierazi duenez, San Antonio auziko salaketak ez du ustelkeria aipatzen, ezta legez kontrako edota zigortzeko moduko ezer ere. Gainera, PPren izen ona zikintzea egotzi dio Javier Marotok Gorka Urtaran Gasteizko alkateari, Maroto eta Alonso Valentziako eta Madrilgo Alderdi Popularraren jarduteko moduarekin parekatzeagatik. Ildo horretan, Marotok EAJ isilik egoteko moduan ei dagoela nabarmendu du, De Miguel auziaren baitan 26 alderdikide baititu inputatuta.
Aurreko astean Espainiako Kontu Auzitegiak Alfonso Alonso jarduneko Osasun ministroa eta Javier Maroto PPko Sektore Ekintzako idazkariordea errudun jo zituen Gasteizko Udala zuzentzen zuten aldian diru-kutxa publikoari 393.000 euroko kaltea eragiteagatik; izan ere, enpresaburu batekin kontratu bat sinatu zuten merkatukoa baino askoz prezio altuagoan.
Maroto Gasteizko alkate ohiak San Antonio auziko epaiaren inguruko balorazioa egin du gaur Twitter sare sozialean duen kontuan argitaratutako mezu batean. Epaia ezagututakoan Gorka Urtaran Gasteizko alkate jeltzaleak azaldu zuenez, "zoritxarrez, Gasteizko eta Arabako PP eta Valentziako edo Madrilgo bertsio okerrenak ez dira desberdinak". Adierazpen horiei erantzunez, Javier Marotok esan du De Miguel auzian EAJk 26 alderdikide dituela inputatuta, ustelkeria eta komisioak jaso izana egotzita, eta delitu horiengatik 458 urteko kartzela zigorra eta 63 milioi euroko isuna ezartzeko eskatu dutela.
Alderdi Popularrak epaiaren kontrako helegitea aurkeztuko duela azpimarratu du Javier Marotok: "Behin betiko epaia ekainaren 26a baino lehen ateratzea eta gaia ixtea espero dut".