Politika -
San Antonio auzia
Gasteizko Udalak inpugnatu egingo du PPk iragarritako helegitea
Azalpenak emateko eta barkamena eskatzeko eskatu die Gasteizko alkateak Alfonso Alonsori eta Javier Marotori, San Antonio auziagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gasteizko Udalak inpugnatu egingo du San Antonio auziko epaiaren kontra PPk iragarri duen helegitea, "hiriaren interesak eta ondarea defendatzeko". Halaber, azalpenak emateko eta barkamena eskatzeko eskatu die Gorka Urtaran Gasteizko alkateak Javier Marotori eta Alfonso Alonsori.
Ohar bidez Gasteizko alkateak azaldu duenez, Espainiako Kontu Auzitegiak San Antonio auzian eman duen epaia larria da "Alonso eta Maroto zabarkeria larriagatik zigortzen dituelako". "Frogatuta gelditu da bulego horien inguruko kontratuak enpresaburu bati egin ziola mesede eta Udaleko diru-kutxari eta gasteiztar guztien poltsikoari kalte egin ziela", nabarmendu du.
Urtaranen hitzetan, "Udalari eragindako kalte ekonomikoan erantzukizun zuzena izateagatik" zigortu zituen Espainiako Kontu Auzitegiak Alonso eta Maroto. Ildo horretan, kaltea frogatuta gelditu dela eta guztira 400.000 euro ingurukoa izan dela gaineratu du.
"Gainera, beste 50.000 euroren erantzule direla dio auzitegiak, baina ez dute ordaindu beharko preskribatu egin delako. Legalki ezin zaie bigarren kantitate hori eskatu, baina moralki bai", azaldu du. Halaber, Marotok eta Alonsok gasteiztarrei azalpenak eta barkamena zor dizkiela azpimarratu du Urtaranek.
Bestalde, beti ere modu positiboan eta konponbideak aurkitzeko asmoz aritu izan direla adierazi du eta azpimarratu ez dutela inoiz gai hori erabili "aurkari politikoa higatzeko". "Ez dugu kalte pertsonala bilatzen, erantzukizunak garbitzea baizik", gaineratu du.