Politika -
Senatura igorri dute
Kongresuak Zigor Kodearen erreforma onartu du
PSOEk, CiUk eta ERCk aldaketen alde bozkatu dute, PPk eta IUk abstentzioa eta EAJk kontra. Ustelkeria, terrorismo eta pederastia delituetarako zigorrak gogortzea izan da helburu nagusia.
Erredakzioa
Madrilgo Diputatuen Kongresuak Justizia Batzordearen testua onartu du Zigor Kodearen erreforma egiteko, PSOEren, CiUren eta ERCren aldeko botoekin, PPren eta IUren abstentzioarekin, eta EAJren kontrako botoekin.
Senatura igorri duten erreformarekin Zigor Kodearen 150 artikulu aldatu dituzte, ustelkeria, terrorismo eta pederastia delituengatik zigorrak gogortzeko asmoz.
Ustelkeria delituak egiten dituzten kargu publikodunek zigor gogorragoak jasoko dituzte. Beti jasoko dute kartzela-zigorra eta ez isuna edo kargugabetzea bakarrik. Hirigintza alorreko delituetan ere berdin egingo dute, legez kanpoko obrengatik edo egitea baimentzeagatik lau urte arteko zigorrak ezarriz.
Zaintzapeko askatasunaren proiektuak kontrol neurri berezi batzuk jarriko ditu terroristentzat eta sexu delituak egiten dituztenentzat (pederastentzat bereziki). Hamar urte arteko zaintzapeko askatasuna ezarri ahal izango dute.
Gaizkilearen jarraipen telematikoa egingo dute, beti jakingo dute non dagoen, eta biktimengana gerturatzea saihestuko dute.
Gainera, hilketa terroristak ez dira preskribituko, eta bost urtetik gorako zigorrak jasotzen dituzten pederastek eta terroristek ezingo dute hirugarren gradua eskuratu zigorraren erdia bete arte.
Biktimak gehiago babesteko asmoz, gogortu egingo dira adin txikikoei sexu-gehiegikeriak egiten dizkietenen kontrako zigorrak, eta gurasoek adin-txikikoen gaineko ahalmena galtzea ere aurreikusten dute haurra babeste aldera.
Ikuskizun pornografikoetarako haurrak bilatu eta harrapatzea ere delitu gisa tipifikatuko da.
Erreformari esker, ez da kartzela-zigorrik ezarriko ikus-entzunezko materiala legez-kanpo salduz gero ("top manta") etekina 400tik gorakoa ez bada, baina zigorrak gogortuko dituzte okupentzat eta grafitilarientzat.
Proiektuaren berritasunetako bat, CiUk proposatuta, behin eta berriz lapurretan egin dutenak jazartzea izango da, eta lapurreta txikiak egiten dituztenek (400 eurotik behera) asteburuko kartzela-zigorrak jasoko dituzte.
Terrorismoa finantzatzea edo jendea horretarako erakartzea, itsasoko edo aireko lapurretak, lan edo higiezin alorreko jazarpena, mehatxuak, eroskeria, kirolean egindako iruzurrak, eraso informatikoak eta organoen legez kanpoko trafikoa delitu bilakatuko dira.