Politika -

Frantziako kontsulatuan

'Sakabanaketa politika ankerra' salatu du Sortuk

"Euskal Herrian irekitako bake prozesua zapuztu" nahi izatea egotzi die Espainiako eta Frantziako estatuei.

Frantziako kontsulatuaren aurrean egin dute elkarretaratzea. Argazkia: Sortu
Frantziako kontsulatuaren aurrean egin dute elkarretaratzea. Argazkia: Sortu

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako eta Frantziako estatuak egiten ari diren "sakabanaketa politika ankerra" salatu du Amaia Izko Sortuko bozeramaileak, eta, horri eutsiz, "Euskal Herrian irekitako bake prozesua zapuztu" nahi izatea egotzi die bi gobernuei.

Alderdi abertzaleak deituta, elkarretaratzea egin dute Bilbon, Frantziako kontsulatuaren aurrean, Fresnes eta Osny udalerrietako kartzeletan dauden euskal presoen egoera salatzeko. Kontzentrazioa amaitutakoan, adierazpenak egin ditu Izkok, eta dagokion agintaritzari zuzendutako gutuna utzi du kontsulatuan, Itziar Moreno presoaren egoeraz ohartarazita.

Horren hitzetan, "herri mobilizazioa da espetxe politika anker honekin amaitzeko eta euskal preso politiko guztiak etxera ekartzeko" gakoa.

Itziar Morenoren "isolamendu" egoera hizpide, Fresnesko espetxean dauden presoek duela 11 egun gose greba hasi zutela esan du Izkok. Asteazkenean, berriz, Osnyko espetxean dauden beste lau presok abiatutako "elkartasun protestak" gogorarazi du Sortuko bozeramaileak.

"Sortuk bere elkartasun osoa adierazi nahi die guztiei. Euskal preso politikoei ezartzen zaien isolamendua eta sakabanaketa politika ankerrak salatu nahi ditugu", esan du abokatuak.

Ezker abertzaleko buruzagiaren ustez, neurriok "eskubide urraketa eta mendekua" dute oinarri, eta "Euskal Herrian irekitako bake prozesua zapuztu eta gatazka politikoaren konponbidea eragoztea" dute helburu.

Izkok nabarmendu duenez, "Euskal Herriko jendarte eta eragile gehienak dispertsioa eta salbuespeneko neurrien aurka" azaldu diren arren, Espainiako eta Frantziako estatuek bere horretan utzi dituzte. Horri aurre egiteko, mobilizazioak "ezinbestekoak" direla azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Sortu Espainia albisteak Presoak albisteak Frantzia Albisteak