Politika -
Akordioa
Aralarrek eta EAk Nafarroa Bain jarraituko dute 2011n
Pauso horren "garrantzia" azpimarratu dute bi alderdiek, baina gainerako alderdiak (EAJ eta Batzarre) ere koalizioan sartu behar direla ohartarazi dute.
Erredakzioa
Nafarroa Bai koalizioa osatzen jarraitzeko akordioa sinatu dute gaur Eusko Alkartasunak eta Aralarrek, 2011ko hauteskundeetan euren hautagaiak eta programak eskainiz. EAJk, Batzarrek eta independenteek bat egitea espero dute bi alderdiek.
Horrela iragarri dute prentsaurrekoan Nafarroako EAren eta Aralarren kargudunek eta agintariek. Pauso horren "garrantzia" azpimarratu dute bi alderdiek, baina gainerako alderdiek ere koalizioan sartu behar direla ohartarazi dute. Hala ere, bi indar nagusien arteko akordioaren berri ematea erabaki dute, koalizioaren alde direnak "lasaitzeko".
Akordioaren balio "kualitatibo eta kuantitatiboa" nabarmendu ditu Txentxo Jimenez Nafarroako Aralarren koordinatzaile nagusiak, edukiak eta EA zein Aralarren ordezkaritzak ikusita. "Gainerako alderdiak koalizioan barneratzeko borondatea bere horretan mantentzen" dela errepikatu du.
EAJ eta Batzarre gabe NaBairekin aurrera jarraitzeko aukeraz galdetu diote Jimenezi. Koalizioa hasi zenetik bi alderdi horiek izan dira eta "beste hipotesirik" ez dugu aztertzen. Era berean, koalizioa "ezkerreko, progresista eta abertzale" bezala definitu du Jimenezek.
Bestalde, gaur emandakoa "Nafarroan aldaketa politikoa lortzeko oinarrizko pausoa" dela esan du Maiorga Ramirez Nafarroako EAren presidenteak. Aldaketa politikoa emateko "tresna eraginkor" bat beharrezkoa da, Ramirezen hitzetan, eta hori NaBai da, "ahalmen politiko eta morala" duen "proiektu bakarra" delako.