Politika -
Fresneseko espetxea
Itziar Morenok eta Ekhiñe Eizagirrek ere gose greba hasi dute
Dagoeneko zazpi dira frantziar espetxean baraualdian dauden ETAko presoak. Moreno bakartuta dute maiatzaren 2tik.
eitb.eus
Itziar Moreno eta Ekhiñe Eizagirre ETAko presoek ere gose greba abiatu dute Fresneseko (Frantzia) espetxean, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez.
Kartzela horretan, gizonezkoen moduluan dauden bost euskal presoek baraualdia hasi zuten maiatzaren 10ean, salatzeko Itziar Moreno bakartuta dutela maiatzaren 2tik.
Orain, Morenori iragarri diote espetxez aldatuko dutela, baina ez diote zehaztu nora ezta zer baldintzatan ere, eta, beraz, gose grebari ekin dio. Eizagirrek bat egin du harekin, eta Iratxe Sorzabalek iragarri du hainbat otorduri uko egingo dizkiola.
Duela aste batzuk, Fresneseko espetxeko preso sozialek protestak abiatu zituzten emakumezkoen moduluan, presondegiko bizi baldintzak hobetzea aldarrikatzeko, eta modulu horretan dauden hiru euskal presoek bat egin zuten horiekin.
Moreno protesta horien "sustatzaile nagusi" izatea egotzita sartu zuten isolamendu gelan, Etxeraten arabera.