Politika -
Polemika
Egibarri "manipulazio baldarra" egin diotela salatu du EAJk
Jeltzaleek "Egibarren ahoan jarri diren informazioak zuzentzea" eskatu dute,"faltsua baita Egibarrek euskal enpresei Espainian ez saltzeko eskakizuna egin izana".
Erredakzioa
"Asmorik okerrenarekin manipulatu egin dira" igandean Joseba Egibar GBBren presidenteak egindako adierazpenak, EAJko Euskadi Buru Batzarraren hitzetan.
Horrela, komunikatu batean, jeltzaleek "Egibarren ahoan jarri diren informazioak zuzentzea" eskatu dute,"faltsua baita Egibarrek euskal enpresei Espainian ez saltzeko eskakizuna egin izana".
"Adierazpen horiek ez ziren egin. Halaber, guztiz faltsua da eskari hau erabakitzeko eskubidearen onarpenik ezarekin lotu dela esatea", erantsi du EAJk.
Gipuzkoa Buru Batzar
Bestalde, Gipuzkoako EAJk salatu du Joseba Egibar "manipulazio baldar" baten biktima izan dela, eta ukatu egin du euskal enpresei haien produktuak Espainian ez saltzeko eskatu izana.
Ohar batean ziurtatu duenez, EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak "Standard &' || 'amp; Poor''s-ek berak esan duena aipatu zuen", hots, "Espainiako ekonomiaren hazkunde txikia oztopo izango dela eskualdearen dinamismo ekonomikoarentzat".
EAJko GBBk Egibarrek esandakoa igorri die hedabideei, idatziz.
Hain zuzen ere, hauek dira hitz zehatzak, agiriaren arabera: "Eta guk ekoizten dugunaren herena Espainian saltzen dugu, beste heren bat hemen eta beste herena kanpoan. Zein da norabidea? Zein da etorkizuneko politika? Espainian saltzen dugun heren hori kanpoan saltzen hasi behar dugula. Merkatu zailagoak dira, urrunago daude, baina kanpoan saldu beharra dago".
Horrenbestez, jeltzaleek adierazi dute "gezurra" dela Egibarrek euskal enpresei produktuak Espainian ez saltzeko eskatu izana eta "eskakizun faltsu hori erabakitzeko eskubidearen ukapenarekin lotu izana".
Euren hitzetan, GBBko presidenteak&' || 'nbsp; "adituek esaten dutena" esan zuen, hau da, "Espainiako ekonomia ahula dela eta, beraz, zenbat eta menpekotasuna txikiago izan, hobe".
Halaber, Gipuzkoako EAJk nabarmendu du ez dela "lehen aldia" adierazpen batzuk "nahita manipulatu" dituztela, "PSEren eta PPren gabeziak estaltzeko polemikak sortzeko helburuz".
Buruzagi politiko batzuek "manipulazio baldar" hori "bizitu" izana ere kritikatu du.