Politika -
hauteskunde orokorrak
Sanchezek sei 'marra gorri' aurkeztu ditu akordioak lortzeko
Independentzia erreferendumei ezetz esatea da marra gorri horietako bat.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak ekainaren 26ko hauteskundeen ostean akordioak lortzeko oinarrizko "printzipio ukaezinak" aurkeztu ditu gaur. Sei dira guztira, eta, horien artean, independentzia erreferendumen arbuioa eta Konstituzioaren erreforma federala daude.
Hain zuzen ere, hauek dira Sanchezek aurreratutako "sei printzipio ukaezinak": Ongizate Estatua blindatzea; PPren lan erreforma baliogabetzea; justiziaren, segurtasun indarren eta organo konstituzionalen politizazioa saihestea; genero indarkeriaren aurka borroka egitea; Konstituzioaren erreforma federala abiatzea eta Europa "sozial, demokratiko eta solidarioa" eraikitzea.
Neurri zehatzen artean, Sanchezek erreforma fiskal mailakatua egitea proposatu du, Ongizate Estatua garatzeko. Pentsioak, osasuna eta dependentzia legea bermatzea du helburu.
Enpleguari dagokionez, lan erreforma baliogabetzea defendatu du, "prekarietateari ezetz" esateko, eta epe luzeko langabeei laguntzak ematea ere proposatu du.