Politika -
Ekitaldia Gasteizen
'Aldaketaren botoak' PSOEra erakartzea eskatu du Pedro Sanchezek
PSOE "aldaketaren alderdia" dela aldarrikatu du buruzagi sozialistak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako Gobernuko presidentegai sozialistak adierazi du posible dela PP menperatzea baldin eta herritar guztiek "bat egiten badute" "aldaketaren alderdiaren inguruan", hau da, PSOEren alde bozkatzen badute.
Gasteizen egindako ekitaldi politiko batean, buruzagi sozialistak esan du ez dela "konformatzen" "eredugarria ez den politikagintza” batekin.
Horren ildotik, Sanchezek salatu egin du PPk eta Podemosek "blokeatu" egin dutela "aldaketaren gobernua" osatu ahal izatea.
Arabako hiriburuaren ekitaldian, Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak aurkeztu du Sanchez.
Autogobernua
Bestalde, PSOEko buruak esan du EAEko autogobernuaren "aliatu" izango dela erreforma "legaren arabera" eta "adostasun zabalez" egiten bada.
Sanchezek ohartarazi du bizikidetza arauak ez direla "betiko", eta, horrenbestez, "gaurkotu" egin daitezkeela. "2016 urteko Espainia ez da 1978 urtekoa", gaineratu du.
Halaber, "giltzarri" iritzi dio ETA desegitea, eta erakunde armatuko presoei barkamena eskatzeko eta eragindako mina aitortzeko deia egin die.