Politika -

Hitzaldia Madrilen

Puigdemont, hauteskundeen ondoren galdeketa bat negoziatzeko prest

“Adostea ez da ahultasun seinale bat, ez da koldarkeri ekintza bat, ospea areagotzen eta indartzen baitu”, azpimarratu du Generalitateko presidenteak.

Carles Puigdemont Generalitateko presidentea. Argazkia: EFE
Carles Puigdemont Generalitateko presidentea. Argazkia: EFE
VOXeko kide batek Zigor Kodea eta eskuburdinak eman dizkio Puigdemonti

0:22

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekainaren 26ko hauteskundeetatik ateratzen den Gobernua, “aldez aurretiko ideiarik gabe”, galdeketa bat negoziatzera deitu du Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak. Gainera, data, galdera eta quoruma adosteko prest agertu da.

Nueva Economia Foroak antolatuta hitzaldia eman du Madrilen. “Adorearekin” hitz egiteko dei egin du Kataluniako buruzagiak, “akordio batera heltzeko asmoarekin”. Horrek “konponbiderik onenera” eramango dituela sinetsita dago Puigdemont. Hala ere, bitartean Generalitateak egitasmo soberanistarekin aurrera jarraituko duela ohartarazi du.

“Adostea ez da ahultasun seinale bat, ez da koldarkeri ekintza bat, ospea areagotzen eta indartzen baitu”, goraipatu du, baina Generalitateak bere bide-orriarekin aurrera jarraituko duela argi utzi du Puigdemontek. Hala, egitura propioak sortzen jarraituko dute, 18 hilabete barru hauteskunde konstituziogileak egin arte.

Agintariaren ahotan, “zentzuzko epe” baten barruan prozesua bukatzeko legitimitatea du Kataluniako Parlamentuak, eta hauteskunde berriak eta erreferendum bat deitzeko baldintzetan egongo da. Hala ere, bide-orriak “elkarrizketa, negoziazioa eta ituna” aldarrikatzen ditu “une oro, baina berdinen artean”, gogorarazi du.

"Ez gara betiere besoak uztarturik egongo”

“Ez gara betiere besoak uztarturik egongo”, ohartarazi du Puigdemontek. Dena den, kontsulta lotesleaz, dataz, galderaz, gutxieneko parte-hartzeaz eta independentzia aldarrikatzeko beharrezkoa izango litzatekeen boto kopuruaz hitz egiteko prest azaldu da agintaria.

Era berean, gehiengoak independentzia nahi ez duela erabakitzen baldin badu, beste galdeketa bat deitzeko zenbat urte itxaron beharko lukete adosteko prest agertu da. “Kontsulta bat adostu dezagun”, esan du berriro.

Bestalde, Pablo Iglesias Podemoseko buruzagia goraipatu nahi izan du Puigdemontek, erreferendumarekiko azaldu duen “uste sendoagatik”, baina “denok dakigu, eta berak ere badaki, galdeketari baimena emango dion gehiengo politikorik ez dela izango”.

VOXeko militante batek hitzaldia eten du

Rocio Monasterio VOXeko militantea ekitaldian sartu da eta Puigdemonten hitzaldia eten du. Monasteriok Kataluniako presidenteari eskuburdinak eta Zigor Kodearen ale bat eman dizkio, Generalitatea legea urratzen ari dela salatzeko.

Puigdemontek hasierako hitzaldia amaitu arte itxaron du Monasteriok, eta kazetariak galdetzen hasi baino lehen, mahaira gerturatu da, “legerik gabe ez dago demokraziarik” oihukatuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken albisteak Pere Aragonès argazkiak