Politika -
Bilera Bartzelonan
Sanchez eta Puigdemont, harremanak 'desizozteko' bidean
Bi buruzagiak ez dira ados jarri erabakitzeko eskubidearen inguruan, baina ongietorria eman diote elkarrizketari.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia eta Carles Puigdemint Generalitateko presidentea bildu egin dira gaur, lehen aldiz, Kataluniaren eta Espainiako Estatuaren arteko harremanak "desizozteko".
Bi buruzagiak ordu eta laurden batzartu dira, Kataluniako Gobernuaren egoitzan, Sanchezek eskatuta.
Horren ostean, PSOEko buruak prentsaurrekoa eskaini du, "desizoztea" hasten denean, "konponbideak" datozela nabarmendu du. Hori bai, errefusatu egin du Katalunian erreferendum bat deitzea.
Horren ildotik, Sanchezek adierazi du "ibilbide luzea" egin daitekeela Katalunia "eroso" egon dadin, baina betiere “Konstituzioaren baitan”.
Bestalde, sozialisten idazkari nagusiak ukatu egin du inbestidura saiorako balizko babesa hizpide hartu izana.
Puigdemontek eutsi egin dio ibilbide orriari
Sanchezen ostean, Neus Munte Generalitateko Presidentzia kontseilaria agertu da hedabideen aurrean, eta adierazi du Puigdemontek "eskertu" egin duela Sanchezek biltzeko eskatu izana, harremanak "normaltzeko".
Horren esanetan, Mariano Rajoyren eta Pedro Sanchezen arteko "lehen ezberdintasuna" hori da. "Hitz egiteko borondatea dago; hori faltan bota izan dugu azken urteetan", gaineratu du.
Muntek adierazi duenez, Kataluniako presidenteak berretsi egin dio buruzagi sozialistari eutsi egingo diola independentziarako ibilbide orriari, eta Konstituzioaren balizko erreforman inplikatuko ez direla.
Halaber, Mariano Rajoyren Gobernuak eskuduntza ugari "urratu" dituela eta inbertsio askotan "konpromisoei muzin" egin diela jakinarazi dio.
Era berean, 2014ko kontsultaren ondorioz aurreko Generalitateko hainbat kideren aurka abiatutako "epaiketa politikoa"ren kontra agertzeko ere eskatu dio.