Politika -
'Punica auzia'
Guardia Zibilak Murtziako presidentea ikertzea eskatu du
Murtziako Gobernuak esan du ez duela Guardia Zibilaren txostenaren berri.
agentziak | erredakzioa
Guardia Zibilak txosten bat helarazi dio 'Punica auzia' ikertzen ari den Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileari, Pedro Antonio Sanchez Murtziako presidentea ikertu gisa dei dezan deklaratzera, Ser irrati-kateak zabaldu duenez. Pilar Barreiro PPko senataria ere ikertzea eskatu omen dio.
Diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik eta Administrazioari iruzur egiteagatik proposatu dute ikertzea, 'Punica auzi'ko Alejandro de Pedrorekin izan omen dituen harremanengatik. Izan ere, Sanchez Hezkuntza kontseilari eta Barreiro Cartagenako alkate zirenean kontratatu omen zuten De Pedro, sare sozialetan zuten irudia hobetzeko.
Guardia Zibilaren arabera, kontratu horiek 2014an egin zituzten, diru publikoa baliatuz, eta PPk ordaindu beharrekoak omen ziren.
Sanchez eta Barreiro forudunak dira, eta epaileak haien kontra jotzea erabakiz gero, Murtziako Justizia Auzitegi Nagusiari eta Auzitegi Goreneri helarazi beharko die eskaera.
Murtziako Gobernuak ez du txostenaren berri
Noelia Arroyo Murtziako Gobernuaren bozeramaile eta Kultura kontseilariak esan du ez dutela Guardia Zibilaren txostenaren berri.
Gainera, Arroyok azpimarratu duenez, dokumentu ofizialetan argi jasota dago auzi horrekin lotutako enpresekin ez zutela harremanik izan. Horregatik, "guztiz lasai" omen daude.
'Punica auzia'ren ondorioz, Murtzian dimisioa eman dute Juan Carlos Ruiz kontseilari ohiak, Retes Samper Murtziako Sustapen Institutuko zuzendari ohiak, Mariola Martinez Turismo Institutuko zuzendari ohiak eta Jose Fidel Saura Industria eta Turismo kontseilari ohiak.