Politika -
Hauteskunde orokorrak
Gasteizko hauteskunde mahaietako kideen datuak filtratu dituzte
2.682 pertsona horien datu konfidentzialak (NAN zenbakia tartean) sare sozialetan publikatu dituzte. Udalak ikerketa abiatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ekainaren 26an Gasteizen hauteskunde mahaiak osatuko dituzten 2.682 pertsonen datu konfidentzialak filtratu egin dituzte sare sozialetan. Hori dela eta, Udalak iragarri du ikerketa abiatu duela, filtrazioaren egilea nor izan den zehazteko.
Udalak azaldu duenez, atzo hauteskunde mahaiak osatzeko zozketa egin zuten, eta emaitzen zerrenda osoa sare sozialetan argitaratu du norbaitek. Zerrenda horretan, mahaietan izango diren 2.682 pertsonen izen-abizenak eta NAN zenbakiak daude, beste hainbat daturen artean.
Udal gobernuak egiaztatu egin du sare sozialetan filtratutako zerrenda benetakoa dela, eta, horregatik, datu horiekin lanean nortzuk ibili diren aztertzen ari dira, filtrazioa noiz eta prozesuaren zein puntutan jazo den jakiteko.
Datuak Babesteko Euskal Bulegoak ohartarazi du zerrenda hori partekatzea eta hedatzea Datuak Babesteko Legearen urraketa dela.
Hauteskunde mahai batean egotea egokitu zaizun ezagutzeko bi modu daude: 010 informazio telefonora deitzea edo Herritarrak Artatzeko udal Bulegoetara jotzea.