Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Patxi Lopezek irailean jaso nahi du enplegu politiken eskumena

Lehendakariak esan du ez duela Zapateroren adierazpenik espero, "ekintzak" baizik. Hala ere, gaia negoziazio mahaian jorratu behar dela uste du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak enplegu politika aktiboen eskumenaz hitz egingo dute datorren igandean, Bilbora Larrosaren Egunaren harira egingo duen bisitan, Patxi Lopezen esanetan. Lehendakariak esan du ez duela Zapateroren adierazpenik espero, "ekintzak" baizik. Hori dela eta, gaia negoziazio mahaian jorratu behar dela uste du.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean Lopezek azaldu duenez, gai horren inguruan hitz egiteko asmoa dute, baina "aurrerapausoak negoziazio mahaian" eman behar direla uste du. "Irekita dago, lana eta negoziazioak indartu behar dira akordioa ixteko", Lopezen arabera. Horren harira, eskumena irailean lortzeko "borondatearekin" dihardutela azaldu du.

Madrilgo gobernuarekin lotu behar duten akordioaren oinarria Gernikako Estatutuan eta Eusko Legebiltzarrak onartutakoan izan behar duela uste du, eta "Kontzertuaren sistema" izan behar duela "zehazteko".

Larrosaren Festako mitinean, Barakaldoko BECen, Rodriguez Zapaterok enplegu politika aktiboen eskumenari buruzko adierazpenik egingo ote duen galdetuta, horren zain ez dagoela esan du, baina "egiten badu, hobeto". Hala ere, "espero dudana, benetan, adierazpenen gainetik ekintzak eta errealitateak dira, horregatik hitz egiten dut gehiago negoziaketa mahaiaz ekitaldi publikoez baino", gaineratu du lehendakariak.

Beste eskumen batzuk

Beste eskumen batzuei buruz galdetuta, Patxi Lopezek "Estatutua itxi eta bete arte negoziatzeko borondatea" agertu du, "hori baita dagokiguna, beste gauza batzuen gainetik".

Balantzea

Patxi Lopez lehendakariak uste du "inor ez dagoela akatsak egitetik libre", baina urtebeteko agintaldiaren balantzea "positiboa" dela, "kudeatzaile onak momentu txarretan agertzen dira eta zerbitzu sozial gehiago eskaini ditugu baliabide gutxiagorekin".

Lehendakariak esan du azkenaldian lortu dituzten datu ekonomikoak onak badira ere, "ezin" dela esan ekonomiaren hazkundea egonkortu denik, izan ere, "denan eraginpean gaude, Grezian edo AEBetako gertatzen denak eragiten digu. Orain datu baikorrak ditugu, gure ingurukoek baino askoz hobeak, baina ezin dugu ezer ospatu, zuhurrak izan behar dugu. Krisian jarraitzen dugu".

Horren harira, zorpetzea "normala" dela esan du, "baliabideak behar direnean, zorpetzera jotzen da. Baliabideak behar ditugu politika sozialak mantentzeko. Zorpetzera jo behar izan dugu beste edozein estatuk edo erkidegok egingo luketen moduan".

Hitzarmena PPrekin

Udal eta foru hauteskundeei begira sozialistek PPrekin lotu dezaketen akordio baten harira galdetuta, "hitzarmenak herritarrek hauteskundeetan" aukeratzen dituztela esan du, "hauteskundeen ostean erabaki dugu beti hitzarmena norekin egin".

Hori horrela, "Euskadin horrelako akordioak beti" izan direla esan du. "Geroz eta aniztasun handiagoa izan, hobeto egin ditugu gauzak. Ez dezagun akordio itxi bat aurreratu", gaineratu du.

Bizikidetzarako Plana

Eusko Jaurlaritzak onartu asmo duen Bizikidetza Planak sortu duen polemikari buruz galdetuta, Patxi Lopez "ziur" agertu da akordioa lor dezaketela: "Ez dut gatazka hau ulertzen, modu artifizialean sortu dute. Ez dut ulertzen zer dela eta iraintzen duen biktima baten lekukotzak. Helburua ez da gorrotoa sustatzea, gazteei bidea indarkeriatik urrun dagoela esatea baizik".

Gainera, "planari buruz hitz egin gabe plana kritikatu dutenak" gogor salatu ditu.

Ezker abertzalea

Ezker abertzalearen baitan sortu den eztabaida prozesuaz eta horren ondoren etorri diren Altsasuko eta Iruñeko adierazpenen kontura, lehendakariak adierazi du "zurrumurruek diotenaren arabera" ezker abertzalearen "zati batek politika egitea erabaki" duela.

Hala ere, ez die "garrantzia handiegia" eman nahi izan, izan ere, "jende horri ekintzak eskatzen dizkiogu. Beste adierazpen batzuk ere izan genituen, baina ezerezean geratu ziren".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea