Politika -
Kartzela-politika
PP kezkatuta dago Otegi gerturatu dutelako eta Diez aske dagoelako
Basagoitik ohartarazi duenez, "ETA komandoek osatzen dute, baina 'Otegiak' eta 'Usabiagak' ere badira ETA, Batasunaren agintariak, alegia".
Erredakzioa
Antonio Basagoiti PPren EAEko buruak kezka agertu du gaur Arnaldo Otegi Martutenera gerturatu dutelako gaixo duen aita bisitatzera, eta Rafa Diez Usabiagak ama zaintzeko behin behineko askatasuna lortu duelako.
"Ez dezala inork ahaztu, ez lehendakariek, ez epaileek, ezta izar handiak izanda ere, ETA komandoek osatzen dutela, baina ''Otegiak'' eta ''Usabiagak'' ere badirela ETA, Batasunaren agintariak, alegia", adierazi du prentsaurreko batean.
Hori dela eta, PPkoei azkenaldian Batasuneko buruzagiekin eta kartzeletan "egiten ari direna" ez zaiela “batere gustatzen” azpimarratu du. Basagoitik "estrategia" bat ikusten du hor, "Batasuna ETArengandik bereizteko, eta hori oso arriskutsua da, biak gauza bera direlako eta batzuei indarra emanez bestea susper daiteke”.
Horren harira, Basagoitik eskea egin die Madrilgo eta Gasteizko gobernuei: "Ez daitezela milimetro bat bera ere mugitu Espainian adostutakotik, hau da, ETAk esperantza guztia gal dezala, eta terroristen asmo politiko guztiei aurre egin diezaietela". Izan ere, haren esanetan, "argi geratu da egin daitekeen eta emaitzak ematen dituen fundamentuzko gauza bakarra dela".
"Ziria sartu digutela iruditzen zait Usabiagaren amarekin edo Otegiren aitarekin egiten ari direnarekin", adierazi du EAEko PPren buruak.