Politika -
Iruñea
Isun 'basati eta injustuen' aurka, Espainiako Ordezkaritzaren aurrean
Euskal presoen egoera salatzeko Espainiako Gobernuak Iruñean duen egoitzan kateatzeagatik, 22.000 euroko isuna jaso dute 37 lagunek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
37 lagunek elkarretaratzea egin dute Espainiako Gobernuak Iruñean duen Ordezkaritzaren aurrean, 2015eko abenduaren 30ean protesta batean parte hartzeagatik 600 euroko isunak (22.000 euro, guztira) jaso dituztela salatzeko.
Egun hartan Espainiako Gobernuak Iruñean duen egoitzan kateatu ziren, euskal presoek bizi duten egoera salatzeko.
Ahoa '600 euro' lelodun zinta batekin estalita zutela, “poliziek, lege injustuek eta epaitegiek inposatutako errepresio ekonomiko basatiaren beste adibide berri baten aurrean” aurkitzen garela nabarmendu dute.
“Ez ditugu inposatutako isunak onartuko eta ez dugu Mozal Legea onartuko”, adierazi dute, eta lege horren helburua “disidenteen ahotsak isilaraztea, beldurra zabaltzea, desaktibatzea eta asimilazioa” dela ohartarazi dute.
Euskal presoen eskubideen defentsan egindako protesta “zilegi eta elkartasunezkoa” zela gogoratu dute eta laguntza eskatu dute isun ekonomiko handiari aurre egiteko.
Horretarako, dinamika bat abiaraziko dutela iragarri dute, epaitegietako ekinbideak eta kaleko mobilizazioak uztartuta. Herritarrek diru-ekarpenak egin ahal izateko kontu korronte bat ireki dutela ere jakinarazi dute.
Elkarretaratzea amaitzeko, 37 zigortuek isunen jakinarazpen ofizialak hautsi dituzte.