Politika -
'Faisan auzia'
Garcia Hidalgoren deklarazioa atzeratu du Garzonek
ETAko ustezko bi kideek bere telefonoa zergatik zuten ezagutzeko eta beraiekin zuen harremana zein zen jakiteko galdekatu nahi du Garzonek Garcia Hidalgo
Erredakzioa
Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak Victor Garcia Hidalgo Poliziako zuzendari nagusi ohia galdekatuko zuen gaur ''Faisan auzitik'' aparte den auzi bateko auzipetu gisa, baina deklarazio bertan behera geratu da. 2007an, Frantzian, atxilotutako ETAko bi ustezko kidek bere telefonoa zergatik zuten ikertzen du auziak.
Iturri judizialek baieztatu duenez, Auzitegi Nazionaleko epaileak datak jakinik gabe atzeratu du Poliziako zuzendari nagusi ohiaren adierazpena bere zitazioaren jakinarazpenarekin izandako zenbait arazoengatik. Horrenbestez, Garcia Hidalgo ez da epaitegira joan.
Dignidad y Justicia elkartea akusazio gisa onartzera behartu ostean, Garzonek Poliziako zuzendari ohia deklaratzera deitu zuen. Dignidad y Justicia elkarteak Garcia Hidalgoren, eta Jon Yurrebaso eta Kepa Mirena Martinez ETAko ustezko kideen aurka kereila jarri zuen, terrorismoarekin kolaboratzea egotzita.
ETAko bi ustezko kideak 2007ko martxoaren 29an atxilotu zituzten Perigueuxen (Frantzia). Atxiloketan, besteak beste, lau telefono zenbaki zituen paper bat atzeman zuen Poliziak, horietatik bi espainiarrak ziren eta beste bi frantsesak. "ETArekin izandako negoziaketa prozesuan parte hartu zuten Espainiako eta Frantziako gobernuetako goi-kargudunen telefonoak" izan daitezke.
ETAko ustezko bi kideek bere telefonoa zergatik zuten ezagutzeko eta beraiekin zuen harremana zein zen jakiteko galdekatu nahi du Garzonek Garcia Hidalgo.