Politika -

Bilera

Rajoyk Montillari: "Ez dut Estatutuaren aurkako helegitea ukatuko"

Auzitegi Konstituzionala erreformatzea ere errefusatu du eta auzitegi hori osatzen duten 10 epaileei epaia "lehenbailehen" emateko eskatu die.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy PPren presidenteak Jose Montilla Generalitateko presidenteari berretsi dio ez duela Estatutaren kontrako helegitea baztertzeko asmorik. Auzitegi Konstituzionala erreformatzea ere errefusatu du eta Kataluniako klase politikoari Auzitegi Gorenaren "beldur ez izateko" eskatu dio.

Rajoyk konstituzio kontrakortasun aurre-helegiteak babestu ditu lege alorrean, baina autonomia estatutuetan bereziki; hori dela eta, popularrek gaia Kongresuan planteatuko dutela esan du. Era berean, Auzitegi Konstituzionaleko 10 epaileei ebazpena "lehenbailehen" emateko eskatu die.

PPren buruzagiak prentsaurreko batean egin ditu adierazpenok, Montillarekin ia bi orduko bilera izan ostean.

Kataluniako presidenteari Konstituzioaren "pedagogia" egin dezala eskatu dio eta Konstituzionala zaharberritzeko eskaria Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuaren errua dela esan du, bera izan zelako 2008ko urriaren 14an gaia aipatu ziona.

Kataluniako Parlamentuak Auzitegi Konstituzionala berritzeko ebazpena onartu eta aste bat ondoren izan da bilera. Ebazpenak botoen % 87a lortu zuen PSC, CiU, ERC eta ICV-EuiA alderdien diputatuen aldeko botoekin. Konstituzionala berritzeaz gain, legea aldatzea eta Kataluniako Estatutari buruzko epaia emateari uko egitea eskatzen du ebazpenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea