Politika -
Golardoa
Ramon Rubial Fundazioak Rubalcaba eta Mandela sarituko ditu
Fundazioak Ernesto Santolaya saritu du Kultura sailean, Mundukide Elkartasun alorrean, Repsol YPF eta Mercedes Berrikuntza atalean eta Kaiku arraun elkartea kirol atalean.
Erredakzioa
Ramon Rubial Fundazioak Alfredo Perez Rubalcaba eta Nelson Mandela sarituko ditu, besteak beste, urtero ematen dituen sarietan, "berdintasun, elkartasun eta askatasun baloreak defendatzeagatik" Barne ministro espainiarrari eta "desberdintasun sozialak gainditzearen alde lan egiteagatik" buruzagi hegoafrikarrari.
Lentxu Rubial Fundazioaren presidenteak, buruzagi sozialista zenaren alabak, eman du jakitera sarituen zerrenda.
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroa Balore Sozialisten Defentsa atalean saritu dute, "berdintasun, elkartasun eta askatasun baloreen defentsan egindako lan ikaragarriagatik” eta azken hamarkadetan izan dituen karguetan "Espainiako gizarteari eman dion zerbitzuagatik".
Nelson Mandela Bakearen Nobel saridunari, bestalde, Balore Demokratikoen Defentsa sailean eman diote golardoa, "bere herrialdeko desberdintasun sozialak gainditzeko lan egin duelako bizitza osoan" eta "mundu mailan erreferente bilakatu delako askatasunaren eta demokraziaren aldeko borrokan".
Ernesto Santolaya Molino Ikusagerreko argitaratzaileak Kulturaren Defentsa alorrean eskuratu du saria, Mundukide Fundazioak Elkartasuna eta Lankidetza atalean, Repsol YPFk eta Mercedes-Benz Españak Berrikuntza atalean eta Kaiku arraun elkarteak kirol alorrean.
Sari-banaketa, ekainaren 1ean
Sari-banaketa datorren ekainaren 1ean izango da Bilboko Campos antzokian. Nelson Mandelak izan ezik, gainerako guztiek baieztatu dute bertan izango direla.