Politika -
Auzitegi Nazionalean
Uztailaren 15ean hasiko dute Udalbiltzaren aurkako epaiketa
Guztira 22 lagun auzipetu dituzte, eta fiskalak 10 eta 12 urteko kartzela zigorra eskatu du kide bakoitzarentzat, ETAko kideak izatea eta diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatuta.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak uztailaren 15ean hasiko du Udalbiltzaren aurkako epaiketa. Orotara 22 auzipetu daude Udalbiltza auzian, eta Fiskaltzak 10 eta 12 urte arteko kartzela zigorra eskatu du kide bakoitzarentzat, ETAko kideak izatea eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita.
Epaiketaren lehen zatia uztailaren 15,16, 22 eta 23an egingo dute. Udako oporren ondoren, iralean, eta bigarren zatiari ekingo diote (hilak 7, 8, 9, 14, 15 eta 16an), gaur Auzitegi Nazionalak iragarri duenez.
Javier Gomez Bermudez izango da epailea. Fiskalak orain bi urte egin zituen eskaerak. Auto berean, defentsak 2008an eskatutako lekukoak eta frogak onartu dituzte.
Auzi honetan, Udalbiltzako 22 kide auzipetu dituzte, batetik ETAko kideak izatea leporatuta, eta bestetik diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita.
Baltasar Garzon epaileak hasi zuen Udalbiltzaren aurkako operazioa, 2003an. 13 lagun kartzelaratu zituen, eta Udalbiltzaren egoitzak ixtea erabaki zuen Garzonek.