Politika -
Ertzaintzaren Eguna
Ares:"Ezin dute duela 10 urteko arazoak berehala konpontzea eskatu"
Herrizaingo sailburuak gogo txarrez hartu du EAEko Poliziaren sindikatuek festara ez joatea erabaki izana, eta "aldarrikapen abertzaleen abangoardia" izatea leporatu die.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak gogo txarrez hartu du EAEko Poliziaren sindikatuek Erandion (Bizkaia) egingo den Ertzaintzaren Eguneko festara ez joatea erabaki izana. Akordioak lortzeko prest dagoela esan badu ere, ohartarazi du ezin dutela "10 urteko arazoak urtebetean konpontzea eskatu".
Onda Vascan egindako elkarrizketa batean Aresek azaldu duenez, Herrizaingo Saila agente kopurua igotzeko promozioa prestatzen ari da eta 60 urteko agenteen aurre erretiroa konpondu du. Aresek adierazi du errespetatzen dituela sindikatuen aldarrikapenak, baina azpimarratu du krisi garaietan "denek lagundu behar dutela, aldarrikapen jakin batzuk berehala ezin direla bete uler dezaten".
Era berean, sailburuak gogorarazi du Ertzaintzaren Eguna ez dagoela pentsatuta sailburuarentzat edo agintarientzat, baizik eta Ertzaintzako kide guztientzat. Hala, eta 1.600 agentek eta haien senideek ekitaldira joateko asmoa agertu dutela jakinarazi ostean, sindikatuek "horiekin batera" egon beharko luketela gaineratu du.
Aresek uste du sindikatuen protestek urriko hauteskundeekin dutela zerikusia eta kritika gogorra egin die: "Badirudi sindikatu batzuk langileen interesak babestu beharrean aldarrikapen abertzaleen abangoardia izan nahi dutela".
Horren harira, ez dio azalpenik aurkitzen Ertzaintzaren absentismoa aztertzeko mahaitik sindikatu batzuk altxatu izana. "Zinez arduragabea iruditzen zait eta agerian uzten du Jaurlaritzari eta Herrizaingo sailburuari ikuspuntu politikotik eraso egitea dutela helburu, laguntza ematea baino", Aresen arabera.
Dena dela, Herrizaingo sailburuak esan du akordioak lotzeko eta mahaian esertzeko presta dagoela, "baina egungo ekonomiaren egoera eta baliabide urritasuna kontuan hartuta".