Politika -
Terrorismoaren biktima
Duela 37 urte BVEk hil zuen Enrique Gomez omendu dute Gasteizen
Gorka Urtaran alkateak barkamena eskatu dio familiari, “urte hauetan guztietan, agian, ez dutelako erakundeengandik errekonozimendu eta babes guztia jaso”.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gasteizko Udalak Enrique Gomez Alvarez ‘Korta’ omendu du gaur, Batallon Vasco Español talde terroristak Baionan hil zuela 37 urte bete direnean.
Gorka Urtaran alkateak Enrique Gomezen gurasoak, anaia eta zenbait lagun hartu ditu Gasteizko udaletxean. Harreran alderdi guztietako ordezkariak izan dira, PPkoak salbu.
Bigarren aldia da Gasteizko Udalak ETArena ez den biktima bat oroitzen duela, 1976ko martxoaren 3an Poliziak hildako bost langileen omenaldiaren ostean.
Biktimaren anaiak esan du errekonozimendu instituzional honekin “aro bati amaiera” emango diotela eta gogora ekarri du lehendabiziko omenaldiak “herriak” egin ziola, duela 37 urte Gasteizen egindako manifestazio batekin.
Enrique Gomez Leongoa zen jatorriz eta 1957an joan zen Gasteizera bizitzen.
Urtaranek oroigarri bat eman die haren gurasoei Udalaren izenean, eta barkamena eskatu die “urte hauetan guztietan, agian, ez dutelako erakundeengandik errekonozimendu eta babes guztia jaso”.
Horrelako ekimen bitartez Gasteizko Udalak biktima guztiak aitortu eta erreparatu nahi dituela azpimarratu du, “normalizazio politikoa, bakea eta bizikidetza bermatzeko asmoz”.