Politika -
ETAren aurkako operazioa
SOSLAIA: Mikel Carrera Sarobe
Segurtasun indarrek uste dute ETAren egungo zuzendaritza, Carrera Saroberekin batera, Eneko Gogeaskoetxeak, Jose Luis Eciolaza beteranoak eta Iratxe Sorzabalek osatuko luketela.
Erredakzioa
Mikel Carrera Sarobe ETAren "sektore gogorrean" kokatzen du Poliziak eta Mikel Garikoitz Aspaizu ''Txeroki''rekin harreman estua zuela uste dute, Efe albiste-agentziak terrorismoaren kontrako adituak iturritzat aipatuta zabaldu duenez.
Carrera Sarobe 1972ko maiatzaren 30ean jaio zen Iruñean. 2003an egin zuen ihes, uste arrazoirik gabe. 2001eko maiatzean Manuel Gimenez Abad Aragoiko PPren buruzagia hil zuen ETAk; 2002ko irailean, Juan Carlos Beiro guardia zibila; eta 2003ko maiatzean, bi polizia, Zangotzan. Hilketa horiekin lotzen ditu Poliziak. Terrorismoaren kontrako borrokaren iturrien arabera, joan den martxoan Ibon Gogeaskoetxea atxilotu eta gero hartu zuen ETAren arlo militarra zuzentzeko ardura. Beste polizia-iturri batzuen arabera, berriz, Jurdan Martitegi atzeman zutenetik zeukan erantzukizun hori, 2009ko apiriletik, hain zuzen ere.
Segurtasun indarrek uste dute Carrera Sarobek agindu zuela Portugalera (Obidos herrian ETAk zuen etxebizitzara) lehergailuak eramatea. Era berean, ETAk azken hilabeteetan egin dituen mugimenduak (Gironan azpiegitura bat ezartzeko edo Euskal Herrian komandoak aktibatzeko saiakerak) ere bere agindupean egin direla iritzi diote. Carrera Saroberi buruzko azken arrastoa, Frantziatik Portugalera lehergailuak eramateko furgonetan antzeman zuten, ibilgailu hori alokatzeko erabili zuten agiri faltsuetan, hain zuzen ere. Arestian aipatutako iturrien arabera, berarekin batera ondorengoak egongo lirateke egun ETAren zuzendaritzan: Eneko Gogeaskoetxea, Jose Luis Eciolaza beteranoa eta Iratxe Sorzabal.