Politika -
Polizia operazioa
Rubalcabak Carreraren atxiloketa 'Txeroki'renaren gainetik jarri du
Barne ministroaren arabera, ETAren buruzagia eta haren "oinordekoa" izan behar zena atxilotu dituzte gaur.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak esan du, "ETAren egungo egoera kontuan izanda", Mikel Carrera Sarobe ETAren alor militarreko ustezko buruaren atxiloketa Garikoitz Aspiazu Txeroki-rena "baino garrantzitsuagoa" izan dela.
Barne Ministerioaren egoitzan emandako prentsaurreko batean, Rubalcabak polizia-operazioaren "kalitatea" azpimarratu du, Carreraz gain, Arkaitz Agirregabiria ETAren alor militarreko ustezko "buruzagiordea" ere atzeman dutelako.
"ETArentzat estropezu handia da, buruzagia eta haren oinordekoa atxilotu dituzte", adierazi du Barne ministroak.
Bere esanetan, Carrera Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren "helburu nagusia" zen, eta Agirregabiria "bilatuena" Frantziako Poliziaren zerrendan, otsailean Jean-Serge Nerin jendarmearen hilketan parte hartu zuelakoan.
Rubalcabak nabarmendu du Carrera Sarobe 2006an su-etena haustea erabaki zuen zuzendaritzako kide zen eta oraindik aske zegoen bakarra zela. Beste laurak 2008 urtean atzeman zituzten.
Ministroak gaineratu du Baionan atxilotutako ETAko ustezko kideak ez zeudela ezkutatuta, baizik eta "bilduta, lanean".