Politika -

Biktimak

Biktimen Memoriaren Eguna izendatu dute azaroaren 10a

Erakundeek adostu dutenez, "biktima guztien" eguna izango da, "salbuespenik gabe", nahiz eta ETA izan "euskal herritarren elkarbizitza mehatxatzen duen talde terrorista bakarra".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde nagusiek Memoriaren Eguna izendatu dute azaroaren 10a, terrorismoaren biktimak "elkarbizitza garai baten nortasunaren ikur" bihur daitezen.

Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarraren presidenteak, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak, Juan Antonio Zarate Arabako Batzar Nagusietako presidenteak, Rafaela Romero Gipuzkoak, Ana Madariaga Bizkaikoak eta Jokin Bildarratz Eudelen presidenteak sinatu dute gaur Gasteizen akordioa.

Azaroaren 10a atentatu hilgarririk inoiz izan ez delako hautatu dute. Egun hori "ez dadila pertsona jakin batena izan eta denona izan dadila. Data horrek gertatu dena eta berriro gertatu behar ez dena gogoraraziko digu", akordioaren arabera.

Era berean, Memoriaren Eguna "terrorismoaren biktima guztien" eguna izango da, "salbuespenik gabe". "ETAren terrorearen biktimak" gogoratuko dituzte, "euskal herritarren elkarbizitzari mehatxu egiten dion talde terrorista bakarra" baita, baina "beste talde terroristek utzitako biktimak" ere bai, "iraganekoak badira ere, haiek pairatu zuten sufrimenduak errekonozimendu eta babes bera merezi duelako".

Akordioan agertzen denez, erakundeek adierazpen instituzionalak onartuko dituzte azaroak 10 dituen guztietan eta lore eskaintzak egingo dituzte biktimen memoria oroitzen den Euskal Herriko puntu guztietan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea