Politika -
Programa
Ibarrak epaileen babes pertsonalaren plana berritzea proposatu du
EAEko Auzitegi Nagusiko presidente berriak lehen aldiz hitz egin du hedabideen aurrean.
Erredakzioa
ETAren mehatxupean bizi diren epaile eta magistratuen babes pertsonalaren plana berriz aztertu behar dela adierazi du Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidente berria, orain artekoez gain beste osagarri batzuk erantsiz.
Bilbon egin ditu adierazpenok Ibarrak, datozen bost urteotarako programa aurkezten egon da eta.
EAEko Auzitegi Nagusiko presidente berriak azken urteetako jarduerarekin hausturarik ez dela egongo ziurtatu du, eta EAEko Auzitegi Nagusia "XXI. mendeko horizontean ezartzea" duela helburu gaineratu du.
Era berean, epaileen independentzia bermatzeko eraginkortasuna lortzea espero duela esan du. Ildo horretan, Euskadiko epaileen independentzia "arriskuan" ez dagoela azpimarratu du.
Hartutako erabakien artean, epaile eta magistratuen babes pertsonalaren plana berritzea dago, eta horretarako, Herrizaingo Sailarekin lehen bilera bat izan du.
Ildo horretan, epaileen eta magistratuen babesean dihardutenen kopurua "txikituko" dutenik ukatu du.
Datozen urteetarako programan jasotzen diren jardunbideen artean daude, besteak beste, erakundeen (Eusko Legebiltzarra, Erartekoa, aldundiak, alkateak, Eusko Jaurlaritza eta Gobernuaren Ordezkaritza EAEn) arteko aldizkako bilerak.