Politika -
'Bateragune' auzia
Gaur berrikusiko dute Otegiren eta Rafa Diezen aurkako auzia
Epailearen ustez, 'Bateragune' ekimen "politikoa" sortu nahi zuten, 2011ko hauteskundeetan parte hartzeko helburuz.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak gaur berrikusiko du Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaile ohiaren eta Rafa Diez LAB sindikatuko idazkari nagusi ohiaren aurkako auzia. Ezker Abertzalearen beste sei kiderekin batera atxilotu zituen Garzonek, ''Bateragune'' egitasmo politikoa aurrera atera nahi izatea leporatuta. Epailearen ustez, 2011ko hauteskundeetan parte hartzeko helburuarekin ekimen "politikoa" sortu nahi zuten.
Alfonso Guevara epailea izango da auzitegiaren buru. Defentsek aurkeztutako helegiteak aztertuko dituzte gaur.
Baltasar Garzon epaileak ''Bateragune'' egitasmo politikoa bultzatzeagatik prozesatu zituen Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta gainontzeko sei atxilotuak.
Otegirekin eta Diezekin batera, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto, Amaia Esnal, Jose Luis Moreno eta Jose Manuel Serra auzipetu ditu, erakunde terroristako kideak izatea leporatuta. Guztiak 2009ko urriaren 13an atxilotu zituzten.
Garzonek "subiranotasunaren aldeko estrategia bultzatzeko bloke bat" eratu nahi izatea egotzi zien, ETAren "estrategia politiko-militarrari" forma emateko. Erreferentzia politiko berri horren eratzea 2010eko udaberrian burutu behar zutela erantsi zuen epaileak.
Autoan dioenez, ikerketan bildutako datuen arabera, proiektu hori "hasieratik amaierara ETAk zuzenduta" zegoen eta atxiloketak egin zirenean gauzatzear zegoen.