Politika -
Urkulluren agerraldia
Zapateroren lege-dekretuaren aurka bozkatuko duela iragarri du EAJk
Iñigo Urkullu EBBko presidenteak azaldu duenez, euskal herritarren "interesak defendatzeko" eta autogobernua babesteko kontra bozkatuko dute.
Erredakzioa
EAJk lege-dekretuaren kontra bozkatuko duela iragarri du Iñigo Urkullu EBBko presidenteak. Defizit publikoa murrizteko Gobernu zentralak planteatutako neurriak biltzen dituen dekretua Diputatuen Kongresuan bozkatu behar dute bihar.
Urkulluk Bilbon egindako prentsaurrekoan egin ditu adierazpenak. Euskal herritarren "interesak defendatzeko" eta autogobernua babesteko kontra bozkatuko dutela azaldu du buruzagi jeltzaleak.
EAJren botoak Espainiako Gobernuari dekretuaren onarpena zailago egingo dio. Jeltzaleen ezetza bikoitza izango da: Espainiako Gobernuaren jokabideari eta Zapaterok aurkeztutako Lege Dekretuari ezetza esango diote. Urkulluren hitzetan, defizitaren aurkako neurriek ez dute euskal autogobernua errespetatzen.
Jeltzaleen ustez, aurkeztutako neurriak "urriak, bidegabekoak eta kaltegarriak dira", bai ekonomia suspertzeko, eta baita enpleguaren onurako. Etorkizunean etor daitezkeen beste ekimen "gogor" batzuen aurrekoak direla dio EAJk.
Euskal Herrian "etxeko lanak eginda" egon direla errepikatu du Urkulluk. Beraz, Espainian hartu beharreko neurriak Euskadiri ez inposatzea eskatu du. Bere ustez, PSOEk "kafe mingotsaren zaporea duten neurriak" proposatu ditu hiritar guztientzat.
Erabakia erantzukizunez hartu dutela azpimarratu du Urkulluk, eta "azken minutura arte" Zapateroren Gobernuari jarreraz aldatzeko eta "zentzuzko neurriak negoziatzeko" aukera eman diotela azaldu du.