Politika -
Bakerako Hezkuntza Plana
EAJk eta PSEk jarrerak gerturatu dituzte Bakerako Hezkuntza Planean
Jeltzaleekin "gutxieneko akordioa" lortu dutela iragarri du Isabel Celaa sailburuak, baina "aurrerapausoak" eman badira ere," akordio osorik ez" dagoela zehaztu du Egibarrek.
Erredakzioa
EAJrekin, Jaurlaritzaren Bakerako Hezkuntza Planaren gaineko " gutxieneko akordioa" sinatzea lortu dutela esan du gaur PSEk, baina jeltzaleen bozeramaileak ukatu egin du. Horrela, erabateko adostasuna lortu dutela ukatu du Joseba Egibarrek.
Asteetako negoziazioen ondoren, Bilbon batzartu dira gaur bi aldeak.
EAJrekin akordioa sinatzeko epea gaur bertan bukatzen zen, Plana arautuko duen dekretua biharko bileran atera nahi zuelako. Horrez gain, ekainaren 11an Eusko Legebiltzarrera eramango dute Bakerako Hezkuntza Plana. Plana ekainaren 8an aurkeztuko du Patxi Lopez lehendakariak. Datorren ikasturtean martxan izango da EAEko eskoletan.
Besteak beste, eskoletara terrorismoaren biktimen testigantzak eraman nahi dituen plana da hau; eta elkarbizitzaren eta indarkeriaren deslejitimazioarako egitasmoa da.
Lortutako akordioarekin Eusko Jaurlaritza "nahiko pozik" dagoela esan du Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak.
Celaak jakinarazi duenez, plana adosteko testua berritu dute EAJk eskatuta. Hori horrela, testu berriak Eusko Jaurlaritzaren Bizikidetza Demokratikoa eta Indarkeriari Legitimazioa Kentzeko zirriborroaren, Ibarretxeren Bakerako Hezkuntza Planaren eta 18 hezkuntza-erakunderen eta biktimen taldeen printzipio gidariak jasotzen ditu.
Indarkeriaren biktimen lekukotasunari garrantzia eman behar dela diote. Lekukotasunak eskoletara eramateko eta biktimen bizipenak zuzenean edo testuen bidez lantzeko aukera egongo dela diote.
"Dena den, irizpide pedagogikoa eta plurala izango da nagusi, eta eskola bakoitzak erabakiko du nola ezarri", zehaztu du Celaak.
Jose Antonio Pastor PSEko Eusko Legebiltzarreko bozeramailearen hitzetan, "EAJrekin izandako elkarrizketari esker, guztiontzako onargarria den testua lortu dugu".
Bestalde, Eusko Jaurlaritzarekin Bakerako Hezkuntza Planaren inguruan akordioak lortu dituztela onartu du Joseba Egibar EAJko bozeramaileak, baina "planean adostasunik ez" dagoela erantsi du, hau da, bere osotasunean.
Bilbon egindako prentsaurrekoan, gaur egindako bileran "aurrerapauso garrantzitsuak" eman dituztela azaldu du Egibarrek, baino erabateko itunik ez dagoela errepikatu du. "Akordioa dago zenbait aspektutan, baina planean ez dago adostasunik", adierazi du.
Egibarren hitzetan, hiru aurrerapauso nagusi eman dira: Aurreko Gobernuak egindako planaren balioa onartzen du plan berriak, "Doktrinamendu konstituzionala" ezabatzen du eta plana ezartzeko orduan eskola bakoitzaren autonomia onartzen du.
Dena den, Egibarren arabera, plan hau ez da EAJrena eta "hobetu" daiteke.
PP
Bestalde, Alderdi Popularrak Hezkuntza Planaren "behin betiko testua" babestuko duela iragarri du Leopoldo Barreda PPko bozeramaileak, hasieratik eskatu dituzten "oinarrizko elementuak bere horretan utzi" dituztelako.
PPri igorritakoa "behin betiko testua baldin bada",ohartarazi du Barredak. EAJrekin izandako negoziaketak aldaketa "minimoak" sartu ditu eta aldaketak "ez dira batere sakonak", PPko ordezkariaren ahotan.