Politika -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Harremanak normalizatzeko urratsa eman dute Aralarrek eta Batasunak
Patxi Zabaletaren iritzian, Alfredo Perez Rubalcaba "oker dago" ETAren amaiera bide polizialak soilik erabilita lortu nahi badu, izan ere, "erakundeak amaiera duina eta politikoa izan behar du".
Erredakzioa
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak adierazi duenez, bere alderdiak eta ezker abertzaleak "urrats garrantzitsua" eman dute harremanak normalizatzeko bidean. Bigarren urratsa "akordioak lortzea" izango dela iragarri du, baina oraingoz "aurrerapen irmorik" ez dagoela nabarmendu du.
Bestalde, Alfredo Perez Rubalcabak ETAri buruz egindako adierazpenak izan ditu hizpide. "Bide polizialak soilik erabilita ETAren amaiera iritsiko dela uste badu, oker dabil; erakunde armatuak amaiera duina eta politikoa izan behar du", azpimarratu du.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean, Aralarreko buruzagiak esan du ETAk indarkeria uzten duela iragartzen duen egunean, Espainiako Gobernuak ere "mugimendu garrantzitsuak egin beharko ditu eta orain arte erakutsi duena baino arintasun gehiagorekin jardun beharko du".
Presoen hurbiltzeari dagokionez, Zabaletak uste du ez dela nahikoa ETAren ildotik aldentzen diren presoak bakarrik hurbiltzea. "Garzonek eta beste batzuek martxan jarri zuten horrekin, ''Guztia da ETA'', amaitu egin behar da, izan ere, jarrera hori atzerakoia, injustua eta mespretxagarria da".