Politika -

Eusko Jaurlaritza

Euskara erabiltzen ez duten saltokien zigorrak atzeratuko dituzte

Hizkuntza eskubideen dekretuan aurreikusten diren zigorrak oraingoz indarrean ez jartzea nahi du Jaurlaritzak, "errealitate soziolinguistikoak horrela gomendatu arte".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak aldatu egingo du saltoki handiak euskara erabiltzera behartzen dituen Dekretua, bertan aurreikusten diren zigorrak ez daitezen oraingoz indarrean jarri, "errealitate soziolinguistikoak horrela gomendatu arte".

Dekretua Juan Jose Ibarretxeren Gobernuak onartu zuen 2008ko uztailean eta zenbait enpresari betebeharrak ezartzen dizkie (kokapen edo tamainaren arabera), besteak beste, langile batzuk euskaraz eta gaztelaniaz artatzeko gai izatea eta bi hizkuntza ofizialak errotulazioan egotea.

Araura moldatzeko bi urteko epea ezarri zuen dekretuak, eta uztailaren 17an agortzen da. Iragan legealdian, arauaren zigor eta betebehar linguistikoen edukien aurka egin zuten PPk eta PSEk.

Komunikatu batean, "erabiltzaile eta kontsumitzaileen eskubide linguistikoen Dekretuko zigorrek enpresen, entitateen eta lokalen gainean eraginik ez izateko beharrezko mekanismo legalak ezartzeko" borondatea agertu du gaur Gasteizko Exekutiboak.

"Konponbide egokiena"

Jaurlaritza "konponbide legal egokiena eta eraginkorrena bilatzeko lanean ari da, errealitate soziolinguistikoak horrela gomendatzen duen arte zigorrak atzeratzeko", adierazi dute Osasun Sailak eta Kultura Sailak.

Horrela, erabiltzaileen eta kontsumitzaileen hizkuntza eskubideen Dekretua moldatu egingo dute. "Gizarteko esparru guztietan euskararen erabilera sustatzeko neurriei babesa ematen jarraituko du Gobernuak, baina beti ere akordioaren bitartez, eta herritarren parte-hartzea limurtzearen bidez bilatuz, eta ez inposaketaren bidez", erantsi du Exekutiboak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea