Politika -
Burgoseko atentatua
Fiskalak 3.860 urteko kartzela-zigorra eskatu Mikel Karrerarentzat
2009an, Guardia Zibilak Burgosen duen kuartelaren kontrako erasoa agindu izana leporatzen diote ETAko kide ohiari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Nazionaleko fiskalak 3.860 urteko kartzela-zigorra eskatu du Mikel Karrera Sarobe ETAko buruzagi militar ohiarentzat, 2009an Guardia Zibilak Burgosen duen kuartelaren kontrako erasoa agindu izana leporatuta.
ETAk lehergailuz betetako furgoneta bat zartarazi zuen eta 160 pertsona zauritu ziren.
Akusazio partikularra osatzen duten Terrorismoaren Biktimen Elkarteak, Guardia Zibilen Elkarte Bateratzaileak eta atentatuan zauritutako batzuek zigor bera eskatu dute Mikel Karrerarentzat. Defentsako abokatuak, berriz, absoluzioa galdegin du.
Akusatuak uko egin dio deklaratzeari. Epaiketan Iñigo Zapirain eta Beatriz Etxebarria ETAko kide ohiak ere deitu dituzte deklaratzera; 3.860 urteko espetxealdia ezarri zieten biei, eraso hura burutu izana egotzita.
Zapirainek eta Etxebarriak ukatu egin dute Mikel Karrera ezagutzen dutela, eta gogora ekarri dute Guardia Zibilak torturatu egin zituztelako esan zutela Mikel Karrerak eman zuela atentatua egiteko agindua. Ildo horretan, Etxebarriak azpimarratu du guardia zibilek bortxatu egin zutela.
Frantzian, Mikel Karrerari bi aldiz ezarri diote bizi osorako kartzela-zigorra, alde batetik, Capbretonen bi guardia zibil hiltzea egotzita eta, besetik, Jean-Serge Nerin jendarmea hiltzea leporatuta.
Burgoseko atentatuagatik Auzitegi Nazionalean hasi duten epaiketa amaitzean, Frantziara eramango dute berriro Mikel Karrera.
Epaiketa Parisen
Bestalde, Pariseko Zigor-arloko Auzitegia Oier Gomez eta Itziar Moreno ETAko ustezko kideen kontrako epaiketa hasi da gaur.
2011ko apirilean atxilotuak izan aurretik lau jendarmeri tiro egin izana eta horietako bat zauritu izana leporatzen diete.
Epailearen galderak erantzuteari uko egin diete biek.