Politika -
Txostena
Ibarretxek 2 milioi euro gastatu zituen plana eta kontsulta sustatzeko
Aurreko Jaurlaritzak inbertsio hori egin zuen estatutu politiko berriaren eta Kontsulta Legearen osaketan, garapenean eta zabalkundean.
Erredakzioa
Juan Jose Ibarretxeren Eusko Jaurlaritzak bi milioi euro inguru gastatu zituen Kontsulta legea eta estatutu politiko berriaren proiektua osatzeko, garatzeko eta sustatzeko, Patxi Lopezen Jaurlaritzak Legebiltzarrera igorritako txosten batean agertzen denez.
Jose Antonio Pastor sozialistak iragan martxoaren 1ean egindako galdera bati erantzuten dio txostenak. Pastorrek kontuak eskatu zituen 2001ean hasi eta zortzi urte geroago amaitu zen, Patxi Lopezen inbestiduraren aurreko egunean amaitu zen, prozesuari buruz.
Egungo Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Juan Jose Ibarretxek 1,9 milioi euro inguru gastatu zituen denbora tarte horretan Kontsulta Legea eta estatutu politiko berria sustatzeko. Diru partida horretan daude propaganda, aholkularitza juridiko, sustapen, telefono inkesten, posta bidezko propagandaren eta ''Konpondu'' ekimenaren gastuak.
Idoia Zenarrutzabeitia lehendakariordeak 2008ko irailean eman zuen kopuru horren zati baten berri.
Jaurlaritzak zortzi zatitan banatu du txostena eta zatietako bat osatzen du lehendakariordeak esandakoak. Beste zazpietan, EAEko Kontu Auzitegiak egindako dokumentu bat agertzen da, Ibarretxe Planak 2001 eta 2005 artean sortu zituen gastuak zerrendatuz. Bidaien atalean, 350.000 euroko inbertsioarekin, Txilera, Argentinara, Uruguayra, Londresera Parisa eta Derryra egindakoak azaltzen dira, azken horretara 20.000 euroko kostua izan zuen hegaldi pribatua.