Politika -
Auzitegi Nazionala
Mikel Karrera absolbituta, Burgoseko kuartelaren kontrako erasoagatik
Epaiak dio ez dagoela froga nahikorik ETAk 2009an Burgoseko kuartelaren aurka egindako erasoa Mikel Karrerak agindu zuela ziurtatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Nazionalak Mikel Karrera Sarobe ETAko buruzagi militar ohia absolbitu egin du, Burgoseko kuartelaren kontrako atentatuaren kasuan.
ETAk lehergailuz betetako furgoneta bat leherrarazi zuen Guardia Zibilaren kuartelean, Burgosen, 2009an. 160 pertsona zauritu ziren.
Fiskaltzak 3.860 urteko espetxe-zigorra eskatu zuen Mikel Karrerarentzat, baina epaiak dio ez dagoela froga nahikorik atentatu hura egiteko agindua berak eman zuela ziurtatzeko. Beraz, absolbitu egin du.
Kasua argituta, Frantziara eramango dute berriro Mikel Karrera, bizi osorako bina kartzela-zigor ezarri baitzizkioten han: batetik, Jean-Serge Nerin jendarmea hiltzeagatik (ETAk eragindako azken hildakoa) eta, bestetik, Capbretonen bi guardia zibilen hilketa leporatuta.
Auzitegi Nazionalak Daniel Pastor, Iñigo Zapirain eta Beatriz Etxebarria ETAko kideei 3.860 urteko zigorra ezarri zien, Burgoseko kuartelaren kontrako atentatua egitea egotzita.
Epaiketan, Mikel Karrerak deklaratzeari uko egin zion. Zapirainek eta Etxebarriak, berriz, epaileari azaldu zioten Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta egon ziren egunetan torturatu egin zituztelako eman zutela Mikel Karreraren izena; Etxebarriak, gainera, sexu-erasoa jasan zuen. Horrenbestez, Guardia Zibilaren aurrean emandako testigantza gezurtatu egin zuten.
Gauzak horrela, Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko hirugarren sekzioak (Alfonso Guevara, Angeles Barreiro eta Antonio Diaz Delgado) dio Mikel Karrera absolbitu egin behar dutela, Poliziak egindako txostenek ez dutelako frogatzen 2009an bera zela ETAren buruzagi militarra eta Zapirainek Guardia Zibilaren aurrean egindako deklarazioa ere nahikoa ez delako, kontraesanak daudelako eta kanpoko elementuekin egiaztatzea ezinezkoa delako.