Politika -

Legegintzaldi berria

PSEk EAJrekin ituna egingo du, 'guztion gizartea eraikitzeko bada'

Bestalde, Idoia Mendiak berretsi du PSE Mariano Rajoyren inbestidura ahalbidetzearen aurka dagoela, baina PSOE zuzentzen duen talde kudeatzailearekiko "leialtasunez" jardungo dutela zehaztu du.

Idoia Mendia: 'Euskal sozialistak ezetz esango diogu Rajoyri'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak esan du Alderdi Sozialistak EAJrekin ituna egingo duela, “pertsona guztiak kontuan izango dituen gizartea eraikitzeko baldin bada”. “Abertzaleen nagusitasuna abertzaleentzat diseinatutako gizartea eraikitzeko erabili nahi badute, aurrean izango gaituzte”, ohartarazi du.

Euskadiko Alderdi Sozialistak batzorde nazionala bildu du arratsalde honetan, Eusko Jaurlaritza berria osatzeko dauden aukerak aztertzeko.

Mendiak adierazi du balizko akordio batera heltzeko EAJk helarazitako dokumentua aztertzen ari direla eta datozen egunetan erantzungo dietela jeltzaleei.

Hauteskundeak EAJk irabazi dituela eta, beraz, itunak norekin eta zertarako egin nahi dituen zehaztea berari dagokiola azpimarratu du. “Akordioak zertarako egin nahi dituen esaten badu, beste batzorde bat deituko dugu, dena zorrotz aztertzeko eta hartu beharreko erabakiak hartzeko”, erantsi du.

Mendiak esan du lehentasunezko gaietan adostasunetara heltzeko prest daudela, hala nola, “enpleguan, bizikidetzan edota autogobernuan”.

“Baina ez gaitzala gaizki ulertu. Herritarren arazoak konpontzeko balioko duten akordioak soilik egingo ditugu”, nabarmendu du.

Krisia PSOEn

Bestalde, EAEko hauteskundeetan Alderdi Sozialistak izandako emaitza txarrak ere izan ditu hizpide. “Uste baino beherago egon gara”, aitortu du.

Mendiaren arabera, hiru izan dira arrazoi nagusiak: Elkarrekin Podemos koalizioaren sorrera, parte-hartze baxua eta PSOEk bizi duen krisi sakona.

PSOEren krisiaren harira, Mendiak berretsi egin du euskal sozialistak Mariano Rajoyren inbestidura ahalbidetzearen aurkakoak direla eta jarrera hori defendatuko dutela, baina, era berean, PSOE zuzentzen duen talde kudeatzailearenganako “leialtasuna” agindu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Legebiltzarra bideoak Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea PSE-EE albisteak Albisteak